Idazlea: Carlo Collodi.
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.
Itzultzailea: K. Biguri, G.K. Goikoetxea eta A. Pontesta.
Argitaratzaileak: Alberdania, Erein eta Igela.
Hau da ezustekoa hartuko duzuna liburu hau irakurtzen baduzu! Niri, bederen, halaxe gertatu zait. Denok bezala Pinotxoren abenturen berri banuen, txikitako istorio laburtu haietan, telebistan, pintatzeko koadernotxo haietan guztietan ezagutu bainuen sudurra hazten zitzaion txotxongiloa.
Ba ez. Benetako istoriotik oso urrun nengoen. Eta ez dut esan nahi orain ezagutu dudan Pinotxo erabat gustatu zaidanik. Kontua da Pinotxo berri bat ezagutu dudala —benetako Pinotxo— eta orain arteko hura baino askozaz interesgarriagoa iruditu zaidala. Noan harira.
Pinotxoren abenturak Collodi abizeneko kazetari batek idatzi zituen, eta atalka argitaratu italiar egunkari batean XIX. mendean. Denera 36 atal. Testuak garai hartako haurren bizimoldea du inspirazio iturri, eta, esan beharrik ez dago, garai hartako haurrak kale gorrian bizi ohi ziren. Eta ezaugarri horrek obraren zer-nolako guztiak baldintzatzen ditu.
Obra arina da, umorea eta arriskua dosifikatuz eraikia, amaierarako suspensea gordetzen duena, eta moralizantea, haurrei txintxo izatearen onurak eta bihurri izatearen kalteak azpimarratzen nekatzen ez diren horietakoa. Horregatik, nik uste, istorioa kolpe bakarrean baino, atalka hobeto irakurtzen da, zortzi-hamar urtetik aurrera.
Azkenik, goraipatu itzulpen lan bikaina dela, euskara arin eta aberatsean egina, eta halako altxorraren jabe Galtzagorri elkartearen Klis-klasikoak ekimenari esker egin garela. •
Haur eta gazte literatura. 'PINOTXOREN ABENTURAK'
Hau da ezusteko atsegina!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu