Hasier Oleaga Trio& Jorge Rossi etaThe Brown Sisters
Lekuak: Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia.Eguna: Uztailaren 11.Aurtengo Gasteizko Jazzaldiari hasiera eman zion kontzertuak, Hasier Oleagari bizi eta hazi zen hirira jotzera itzultzeko abagunea eman zionak, ez zuen espero genuen indarrik izan, eta sentitzen dut, benetan. Zeren eta bateria jotzailea maila handiko musikaria izatera heldu dela adierazi zigun astearteko hasierako ekitaldi horretan. Bere taldekideek adierazi ziguten handitasun berbera; batez ere, Julen Izarra saxo jotzaileak.
Eta egia esanda, ekitaldia ederki hasi zen Oleagak idatzitako Denbora barik abesti politarekin, zeinetan Izarraren saxo sopranoak inguru musikal ezberdinetatik barrena eramaten gintuen. Baina musika egitura ederrez hornitutako abestiek ez zieten aukera handirik eman taldekideei beren sormena eta inprobisazioa garatzeko. Nahi eta ezin, beraz.
Gasteizko Jazzaldiaren XXI. Mendeko Jazza ataleko Konexioa izeneko ekitaldiak Euskal Herriko musikari edo talde bat kanpoko musikari batekin elkartzea du helburu. Aurtengo konexioak Oleagaren hirukotea eta Jorge Rossy bateria jotzaile kataluniar ospetsua lotu ditu. Rossy arras ezaguna da jazz munduan eta hainbat musikari ospetsurekin aritu da bizitza musikal arrakastatsu batean: Danilo Perez, Joshua Redman, Lee Konitz... zerrenda amaitezina da, baina gehien gogoratuko dugun lana The Art of the Trio delakoa da, zalantzarik gabe. Brad Meldhau pianistak gidatzen zuen hirukotean hamar urte jardun zuen.
Astearteko ekitaldian bibrafonoa jo zuen Rossyk, taldearen lanari ukitu dotorea emanez. Inprobisazioari eta zoramenari leku gutxi utzi zieten ekitaldian: taldeak jorratu zituen Chris Cheek saxo jotzaile estatubatuarraren bi abesti, zeinetan jazzeko standardetan oinarrituta, abestiak alderantzizkatuta jotzen diren. Horren adibide, Bill Evansek idatzitako klasiko batean oinarritutako Cargols abestia.
Taldeak Pangea eta Nuestros muñecos piezek osatutako medley-a jotzeari ekin zionean, bazirudien arratsaldea zer edo zer animatuko zela, baina, usteak ustel, musikariak ez baitziren ausartu beraiek ezarritako hesiak zeharkatzera. Ezta Lee Morganen Totem Pole bizian ere.
Gospela berriro
Kritika hauek irakurri ohi dituenak jakin badaki jazzaldi honek gospel musikari eskaintzen dion ekitaldiaren zalea ez naizela. Horregatik, ezkor bertaratu nintzen Mendizorrotzako kiroldegira Oleagaren taldearen lana amaitu ondoren. Han, urteroko jende multzoa, aretoa ia beteta, animoso eta txaloak jotzeko gogo handiarekin gainera. Aurten ikusleek aukera izan dute ikusteko atal honetatik pasa den talde interesgarrienetariko bat: The Brown Sisters. Sei ahots ederrek, piano batek eta Hammond organoak osatutako Chicagoko talde honek erakutsi zuen gospel eta elizako abestiak maisuki interpretatzeaz gain, musika serioa egiteko gauza ere badela. Horretarako, ekitaldiaren lehen zatian ikusleen nahiak asetu zituzten Every Praise, Amen, Amazing Grace eta Jesus Answer klasikoekin, beste batzuen artean. Bigarren partean, aldiz, era arras ezberdinean aritu zen taldea, beti Vanessa Dukesen gidaritzapean. Era dotoreago eta serioago batean abestu zuten. Era horretan, Joe Cocker abeslariari sona handia eman zion—baina Jack Nitzschek, Buffy Saint-Mariek eta Will Jenningsek idatzi zuten— Up Where We Belong dotore abestu zuen taldeak, gaueko une aipagarrienean. Horren ondoren, nire haserrerako, When The Saints Go Marchin' In abestu zuten, ikusleen zoramenerako. Horregatik, txalo zaparradak bukatzear zirenerako etxerako bidea hartua nuen.