'Geotransformación'
Egilea: Pablo Genoves. Lekua: Altxerri Galeria, Donostia. Noiz arte: Maiatzaren 27ra arte.Denborarekin naturak dena bere egiten duela esan ohi da, inoiz izan denaren arrastoak bere eginez. Horrela, memorian ezkutatutako irudiak balira bezala<, gizakia eta bere sorkuntzak bizi dugun mundua gobernatzen duten bi indar ukaezinen menpe irudikatzen dira: denbora eta natura. Bi indar hauen baitan kokatzen da gizakia, eta bere lorpenen galkortasunak behin eta berriro torturatzen du.
Galkortasun horretan murgiltzen da Pablo Genovesek (Madril, 1959) Donostian aurkezten duen lehen erakusketa. Geotransformación izenburupean, eta artistak pasa den martxoaren 22a arte Madrilgo Canal Isabel II aretoan aurkeztu zuenaren ostean, Donostiako Altxerri galeriak Genovesek azken sei urteotan sortu dituen hiru serieen hautaketa bat aurkezten du: Precipitados (2008-2011), Cronología del Ruido (2011-2012) eta Antropoceno (2012tik gaur egun arte).
Neurri ertain nahiz handiko argazkiek osatzen dute erakusketa. Guztiak zuri beltzezko irudiak diren arren, bakarren batean kolore trazu lotsatiak barneratzen dira. Erakusketaren izenburuak lurraren eraldaketari erreferentzia egiten badio ere, kasu honetan, lurrarena baino gehiago gizakia edo kultura baten eraldaketa edo suntsipena adierazten duten lanak dira, lurra eraldatu bainoago, haren eraldaketak eragiten duen emaitza erakusten baitute.
Hautaketa honetan, artista madrildarraren ibilbidearen azken urteetan bereizgarria den prozesua eta emaitzak ikus ditzakegu. Hauetan, barroko garaiko eraikuntzetako areto handiak edo artearekin eta, orokorrean, kulturarekin harremandutako espazioak naturak hartu dituela erakusten dira, suntsituta edo eraldatuta; eta aretoetako zoru, pareta, liburu eta artelanak itsaso, olatu, hodei, sastraka edo hondakinen menpean agertzen dira. 2008tik gaur egunera arteko hiru serie hauek nolabaiteko kronologia bat gordetzen dute, denboraren prozesu bat bailiran. Precipitados seriean kulturaren parte diren espazio eta eraikinak elementu naturalek (ura, izotza...) kaltetuak diren bezala, Cronologia del Ruido-n hurrengo pausoa irudikatzen da, elementu natural horiek eraikinak utzi dituzten momentua. Horrela, lehen urak edo izotzak estaltzen zituen tokiak harri edo lokatzez beterik ageri dira. Azken seriean, Antropoceno-n, landaretza tokiaren menpe egiten da, eta espazioak bete eta denboraren igarotzea agerian uzten du.
Teknikoki, iraganaren eta teknologia berrien artean mugitzen da Genoves. Irudi hauek sortzeko, besteak beste, Berlingo bigarren eskuko merkatuetan aurkitzen dituen garai bateko espazio eta eraikinen argazkietan oinarritzen da. Irudi hauetan, teknologia digitala erabiliz, berak gaur egun egindako argazkiak gainjartzen ditu. Horrela, galduak zeuden argazkiak berreskuratzen ditu artistak, erabat garaikidea den prozesu baten bidez memorian galduak zeuden irudiak berrinterpretatuz eta plazaratuz. Modu horretan, artista madrildarrak apokalipsi baten pausoak antzezten dizkigu, eta gizakiaren biharamunaren ondorengo eguna irudikatu. Ikuslea suntsipen horren partaide bilakatzen da, gauza guztiek daukaten iraunkortasunaren inguruko gogoeta plazaratuz, baita gizakiarena ere. Guztia hondakin bilakatzen da, eta argazkietan irudikatzen diren liburu, lanpara, margolan, eskultura eta gainontzeko objektu eta apaindurak sakonagoak diren kontzeptuen adierazgarri dira: kultura, erlijioa edo boterea, besteak beste.
Denboraren baitan dauden irudiak dira, azken finean, ez soilik eta literalki hiru serie hauen bitartez gertakarien ageriko kronologia bat aurkezten delako, baizik eta irudiek eta hauek tratatzeko moduak denboran oinarritutako talka bat erakusten dutelako. Irudi originalaren memoriak gaur egungo gizartea eta teknologiaren eferbeszentziarekin topo egiten du, era berean teknikoki sotilak eta bisualki indartsuak diren artelanak sortuz.
Aro digitalean murgilduta gaude, eta gaur egungo abiadura teknologikoak garai, aro eta mugimendu garaikide guztien hasiera nahiz amaiera puntuak lausotzen ditu; bizi dugun gizartea etengabeko informazio jario batean garatzen da. Liburuak, artelanak, aretoak... denak du bere bertsio digitala eta, ondorioz, ezagutzaren espazio/denbora parametroak guztiz aldatu dira. Artista madrildarrak aldarrikatzen duen moduan, ez dugu ahaztu behar nondik gatozen... Saia gaitezen noranzkoa irudikatzen, gehituko nuke nik.