Literatura. 'Odolik gabe'

Haserrea mendeku bila

Idazlea: Alessandro Baricco. Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Igela.

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Alessandro Baricco italiarraren Odolik gabe nobela laburrak, nagusiki, mendekuaz hitz egiten du. Fernando Reyk euskaratutako testuak, hirugarren pertsonako narratzailearen diskurtsotik, Nina izeneko emakume bat fokalizatzen du. Haur bat zela, mendeku bila zetozen hiru gizon bere etxean sartu, eta aita ez eze, neba ere hil zioten, gorriz jantzitako gau hartan. Sototik begira ziharduen haurrak, tiroak, odola eta euren artean hitz egindakoak barrenean eraman, eta, ezin ahazturik, urteak geroago mendekua hartuko du, baina, bere erara, odol tanta gehiago isuri barik, odolik gabe.

Denborari eta espazioari erreparatuz, haserrea eta mendekatzeko nahia leitmotiv dituen obrak konposizio dinamiko bat sortzen du. Bi kapitulu ditu nobelak, eta horietan iraganetik orainera, eta Ninaren jaioterritik orainaldiko bizilekura egiten du salto. Nahiz eta narratzaile (nahiko) objektiboaren diskurtsoak iraganeko aditz denbora erabili, dimorfikoa da denbora lerroa, bai eta ekintza nagusiak gertatzen diren agertokiak ere. Bitasun horrek, elipsi izugarri handi batek lagunduta, erritmoa eta bizitasuna ematen dio istorioari. Hala ere, memoria erabakigarria da Ninaren bizitzaren argazkia osatzeko, nahiz eta gertatutakoaren benetakotasuna auzitan jartzen den; egia ote da Ninak gogoratzen duen guztia? Ala kontatu diotena da benetan gertatu zena? Zer gertatu zen egiazki? Nork du arrazoia? Galdera asko sortzen ditu irakurketak; erantzunak, ostera, oso gutxi dira. Irakurlearen helburua egia bilatzea bada, duda-mudaren harra nagusituko zaio bidaia literarioan zehar.

Laburtasunean jarri nahiko nuke azpimarra gaurkoan. 80 orrialde eskas dituen nobela ondu du Alessandro Bariccok,eta hori da obrak duen alderdirik erakargarriena. Dena xehe-xehe kontatzeko ezintasunak berak, intentsitatea ez ezik, xarma puntu bat ere ematen dio testuari: gertaerak ez dira guztiz kontatzen, irakurlearen interpretazioa eskatzen dute, irakurleari protagonismoa ematen zaio, bere parte-hartzea aldarrikatzen da. Zenbat irakurle, horrenbeste irakurketa eta interpretazio eragiten ditu nobelak. Nobela laburrak. Edo, agian, ipuin luzeak esan beharko nuke. Azken finean, zer da ba 80 orrialde dituen obra bat? Ipuina da ala nobela? Ala biak aldi berean? Literatur teorian eta kritikan luze eta zabal argudiatu den eztabaida da neurriarena, eta esango nuke egun, oraindik ere airean dagoen elkarrizketa dela, idazle italiarraren obra honek erakusten duen bezala.

Ordea, irakurleen imajinazioa pizten duen arren, nago nahiko modu gidatuan eta mugatuan egiten duela. Izan ere, hasieratik bertatik iragar daiteke bukaeran zer eta nola gertatuko den dena, nahiko intuitiboa da, eta alderdi horrek istorioa bera hustu eta ahuldu duela iruditzen zait. Kontatzeko moduari kontatzen denari baino garrantzia handiagoa ematen zaio. Baliteke estrategia eta artefaktu narratibo horrek jatorrizko testuan funtzionatzea, idazlearen hitz eta erretorika originalak bestelako garrantzia izatea. Niri, ordea, ez zait horrelakorik gertatu, ez dut testuarekin horrenbeste konektatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.