KRITIKA. Beldurrezko Astea

Harrotasuna

Beñat Eizagirre Indo.
2016ko azaroaren 4a
00:00
Entzun

'2000 maníacos' eta 'Imagen Death'

Zuzendariak: Manuel Valencia eta Javier Perea. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 20 eta 25 minutu.

Beldurrezko Astearen filosofiarekin bat egiten dute 2000 maníacos: 25 años de serie B (Manuel Valencia) eta Imagen Death: 25 años (Javier Perea) film laburrek; izan ere, B saileko generoen zaleek harrotasunez aldarrikatzen duten azpikulturaren erakusle dira. Azpikultura horren parte diren zuzendari, ilustratzaile, aktore, aditu eta abarrek azken hamarkadetan egin dituzten hainbat egitasmoren ibilbide laburra marrazten dute. Egia esan, zertzelada batzuk besterik ez dira, baina argi geratzen da azpikultura horren aberastasuna. Estatu mailan beldurrezko, fantasiazko, zientzia fikzioko zinemaren eta pornoaren... adibide desberdinak aipatzen dira. Eta ez dago esan beharrik Donostiako jaialdiak, beste jaialdi eta ekitaldi batzuekin batera, azpikultura horren aldeko apustu garbia egin zuela; horrexegatik da hain maitatua. Bestalde, B saileko masa kulturari egindako ekarpenak ez dira nolanahikoak; izan ere, gehiengoaren gustuaren aurka oldartu, eta atsegin zuten kultura ezagutarazteko eta sortzeko gai izan ziren, baliabide gutxi eduki arren. Do it Yourself filosofiarekin bat eginez, era guztietako egitasmoak martxan ipini zituzten, eta gero eta jende gehiago erakartzea lortu zuten. Gustatzen zaizun hori egiteko pasioa eta ongi pasatzeko gogoa nahikoa direla frogatzen dute. Beraz, miresgarria da pertsona horien erabakitasun eta lotsagabetasuna. Egia da gehiengoaren gustuaren aurka egiten dutela, baina B saila ere guztiz konbentzionala da. Zoritxarrez, bai batzuen eta bai besteen kontsumo ohiturak ez dira oso desberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.