Artea. Kritika

Harreman lausotuak

Vari Carames galiziar argazkilariaren Ritmo Mareiro erakusketako lanetako bat. VARI CARAMÉS.
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Artea

Vari Carames, 'Ritmo Mareiro, 1980-2012'

Non: Bilboko Rekalde aretoan.

Noiz arte: uztailaren 8a arte.

Gonzalo Torrente Ballester fundazioko zuzendari Miguel Fernandez-Cid komisarioaren eskutik iritsi dira Vari Carames (Ferrol, Galizia, 1953) argazkilari galiziarraren lanak Rekalde aretora. Ritmo Mareiro izenburupean aurkezturik, Caramesen atzera begirako zabala eskaintzen da, 1980-2012 arteko hainbat lanekin. Erakusketarako 150 argazki batu dira, bilduma pribatu eta instituzio bildumetatik hartuak, besteak beste, Santiagoko CGAC, Vigoko Concelloa edo Galiziako Xuntatik.

Erritmoak baino gehiago, erakusketak ikuslearen eta artistaren arteko hainbat harreman mota eskaintzen dizkigu, argazkia bitarteko delarik. Lehen ikuspuntua La movida Viguesa, Coruña by night, Castelos de Galicia eta Visión animal argazki sailekin osatzen da. Argazki horietan egunerokotasunetik ateratako hainbat irudi aurkezten dira, denak zuri-beltzean. Argi dago egunerokotasuna bizitzako momentu bereziena bezain ikusgarria izan daitekeela, eta horretan gordetzen dute irudi hauek interesa, egunerokotasunean galtzen zaizkigun hainbat eta hainbat irudiren atzematean, horiek betiko gordez. Halere, halako argazkietan muga oso fin bat dago interesgarria denaren eta hainbeste interes ez daukaten irudien artean, eta artistak ezarritako muga hori ez da zertan izan ikuslearen berbera. Alde horretatik, erakusketako lehen pausoek beste hainbat argazkilariren erakusketak dakarzkit burura; ingurua erretratatzeak badu bere arriskua, argazki bakoitza gure oroitzapenekin betetzen baitugu. Kasu honetan, oroitzapenak eta momentuko sentimenduak ez dira irudietan islatzen, eta, nahiz eta argazkien formatuari esker ikuslearen eta argazkiaren arteko gertutasun fisiko bortxatu bat eragiten den (formatu txikiko argazkiak dira, eta ikusleak asko gerturatu behar du horietara), gertutasun hori espazioan soilik gertatzen da. Ikusleari pistak falta zaizkio aurrean dauzkan irudiekin konektatzeko, eta egoera konkretuen begirada arrotzean gelditzen dira lehen lan horiek.

Erakusketaren begirada guztiz aldatzen da, 1990 eta 2012 artean sortutakoMiraxes, Transito, Escenarios eta Recreo sailetan. Koloretan sortutako sail horietan Caramesek inguruaz gain bere burua du abiapuntu, eta ikuslearen eta artistaren arteko harreman berri bat sortzen da, aurreko zuri-beltzeko argazkietan sortzen ez zen lotura. Efektu lausotuak nagusitzen diren tamaina ertaineko argazkiekin artistak egoera psikologiko batera garamatza, eta, bere inguruan duenaz gain, argazkiak sentimendu pertsonal bat adierazten du. Gogoeta eta pentsamendua forma eta koloreei gailentzen zaizkie, argazkiaren eta pinturaren arteko mugak hausteraino. Estetika piktorizista horri esker, emaitza zoragarriak lortzen ditu Caramesek. Bide galduetako paisaiak, ur azpian galduriko objektuak, udazkeneko egunak, haurren jolastoki ezezagunak... malenkoniaz beteriko irudiak dira, bere web orrian hondotik entzun dezakegun saxofoi doinuaren antzera. Batetik bestera Caramesek bere pentsamenduaren ibilbidetik darama ikuslea, argazkiak baino gehiago bere bizitzako oroitzapenetatik egindako bidaia bailitzan.

Sentimenduaren eta egoeraren arteko nahasketa interesgarria sortzen da ondorengo Nadar sailean. Aurrekoetako efektu plastikoak desagertzen dira, eta zuri-beltzeko irudietara bueltatzen gara. Ur azpiko argazkiak dira gehienbat; egoera horren bidez, forma eta konposizio aldetik emaitza interesgarriak sortzen ditu artistak. Berriro ere erakusketa norantzaz aldatzen da, baina azalean soilik. Oinarrian, argazkiek egilearen ikuspuntua erakusten jarraitzen dute, baina egoerak berak argazkilariaren begiradan eta ikuslearen sentipenean eragin handia du. Bere ingurukoekiko duen begirada berezia, urpeko irudiek duten soinu galeraren sentipenarekin nahasten da, unibertso pertsonala sortzeraino.

Unibertso pertsonal hori da Vari Caramesek erakusketan eskaintzen duena, eta ikusle bakoitzak bere harreman pertsonala ezarriko du haren lanekin. Artelanen aldetik, erakusketak ez du inolako dudarik aurkezten; argazkia gustuko duen orok gozatu egingo du. Argazkilariaren, argazkiaren eta ikuslearen arteko harreman hori hainbat ikuspuntutatik aurkezten da, gainera, eta horrek interesa gehitzen dio erakusketari. Hori bai, antolaketak ez nau guztiz asetzen, ez dut uste beharrezkoa denik sail guztiak zatituak aurkeztea eta erakusketa sail horien arabera antolatzea.Beste era batzuetan antola daiteke, lanen kopuru murritzagoa batekin, antolaketa bera hain trinkoa izan ez dadin. Baina horiek beste kontu batzuk dira. Artistak berak dioen bezala, ez da begirada azkarreko ikusleentzat sortutako erakusketa, argazkiak ikusiaz arratsalde atsegin eta lasai bat igarotzeko baizik. Beraz, behar den denbora hartu, eta erakusketaz gozatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.