Pello Irazu
Lekua: Carreras Mugica galeria. Bilbo.Noiz arte: urtarrilaren 15era arte.Ikusgarria. Hitz horrekin definitzen da Pello Irazu artistak (Andoain, Gipuzkoa, 1963) Bilboko Carreras Mugica galerian aurkeztu duen azken erakusketa. Bertan aurkezten diren artelanen kalitateaz gain, haiek galeriako espazioan nola kokatu eta hura nola aberasten duten ikustea zoragarria da. Ezbairik gabe, Irazu euskal arteak azken hamarkadetan eman dituen harribitxietako bat da, eta berriro ere ikuslea bere atzaparretan harrapatzea lortu du, batez ere eskulturaren inguruko perspektiba eta estetika pertsonal baten itzalpean.
Formalki arte sorkuntzan murgilduta gabiltzanok ondo ezagutzen ditugu elementu ezberdinak lotu eta artelana borobiltzearen zailtasunak. Formak, materialak, koloreak... guztiek dute beren tartea, eta artista andoaindarrak ederki konbinatzen ditu, pieza bakoitzak dakarren erronkari irtenbide hoberena aurkitzeko duen trebetasuna behin eta berriro erakutsiz. Gainera, artelanen bitartez ikuslea poliki-poliki erakusketan barneratzen doa, bertan aurkitzen dituen aztarnek (testuak, material ezberdinak, formak...) piezan murgilarazi eta horrek ezkutuan gorde dezakeen gogoetaren bidean jarriz.
Erakusketa pintura eta eskulturaren artean banatzen da, nahiz eta bi multzo horietan kokatzen ditugun artelanen artean ere bestelako bereizketak edo azpimultzoak nabari diren. Bidimentsionalitatearen barruan, alde batetik, pintura metalikoan oinarritzen diren pinturak aurkezten zaizkigu. Formatu handia nahiz txikia erabiliz pieza bakarra, bikotea edo serie luzeagoez osatzen diren artelanak jarri dituzte erakusketan, eta guztiek forma eskultorikoekin harreman handia erakusten dute. Formaren eta pinturaren materialtasunaz gain, Irazuk zinta erabili du, pintatutako azalera sostengatzen duten egiturak sortuz eta aurretik aipatu dugun harreman hau indartuz.
Badirudi nolabait pintura eta eskulturaren arteko harreman horretan pintura multzo batek erakusketako eskultura multzo batekin lotura gordetzen duela. Aurretik aipatutako margoak, adibidez, espazioan zabaltzen diren eskultura klasikoekin harremantzen dira. Multiple, diverso, unitario, Italak-Neverland edo Perfilak eskulturetan tamaina txikiko forma eta egitura ezagunak ikus ditzakegu egurra, burdina, beira zuntza, eskaiola eta aluminioa pinturarekin nahastuz. Esan bezala, artistaren ibilbidearekin harreman handiagoa gordetzen duten lanak dira horiek, interesgarriak oso, baina Irazuk aurkeztu duen lan prozesu ezberdin baten itzalean bigarren plano batean gelditu direnak.
Bada galeriako paretetan nahiz gainontzeko eskulturetan errepikatzen den elementu bat: pintura bidez manipulatutako egunkari orria. Horietan egunkari orri arruntetako zatiak partzialki manipulatuak erakusten zaizkigu, forma angeluzuzeneko kolore planoek bertako informazioaren zati handi bat estaltzen dutelarik, albisteak duen titularra edo izenburua erakutsiz. Elementu horigaleriako paretetan kokatuta ala kartoizko kutxa ezberdinen metaketa eta elkarketaren bidez sortutako eskulturetan aurki dezakegu, eta, ezbairik gabe, horiek dira erakusketako piezarik interesgarrienak.
Kartoizko kutxen elkarketaz sortutako eskulturak dira, kolore bakar baten bidez bateratuak eta 60-70eko hamarkadetako euskal eskulturaren formak gogorarazten dizkigutenak. Forma zurrunak, itxiak eta pisutsuak, sortuak diren material eta prozesuarekin zerikusirik gordetzen ez dutenak. Egurrezko kaxa baten gainean edo zuzenean lurrean ezarririk, egunkari orriekin lotura estua gordetzen dute, eta haiek gordetzen duten oinarrizko kontzeptuaren haritik tira egiteko aukera ematen diote ikusleari.
Zeren eta zer esan nahi du informazioaren erabilera eta manipulazio horrek artelanotan? Bizi garen kontsumo garaiak komunikabideetan ere bere isla izan du. Albistea kontsumo objektu bat da gaur egun, eta teknologia berrien erabilera masiboarekin batera informazioa elementu galkor bat bilakatu da, oinarri handi batean kontsumo bide basati honek ezartzen duen berehalakotasunean ondoraturik. Askoren ustez, lotura horrek gizarte garaikidearen analfabetismoa eragin du, informazioaren berehalako pilaketa zentzugabeak eta horren abiadurak eta aldakortasunak irakurlea azalean uzten baitu, informazioan murgiltzeko aukerarik utzi gabe.
Eta nola lotzen da kontzeptu hori erakusketako artelanekin? Haritik tiraka, alde batetik artearen inguruko gogoeta orokor bat erakuts dezake. Artea ere kontsumo objektu bat da, eta merkatuaren eragin handia jasotzen du. Eragina izan al du sorkuntzaren kalitatean? Eta zein lotura dauka erabilitako materialekin? Euskal eskulturaren tradizioa forma eta material batzuekin lotuta dago, Oteiza, Txillida, Basterretxea... guztien artean kultura baten irudia sortu zuten eskultura publikoaren bitartez. Nola lotzen dira forma horien tradizioa eta kartoiaren erabilera? Berriro ere Pello Irazuk bere lanetara estu lotu gaitu, horiek gorde ditzaketen gogoetak elkarri lotu nahian.