KRITIKA. Dantza

Harago joateko xedez

Agus Perez.
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun

'Piedra'

Konpainia: Cielo Raso. Zuzendaritza: Igor Calonge. Zuzendari laguntzailea: Gabriel F. Argiak: Sergio Garcia. Jantziak: Amalia Elorza. Dantzariak: Ainhoa Usandizaga, Emma Riba, Victor Fernandez. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Urriak 27a.

Igor Calongeren estreinaldietan ohikoa den bezala, azken lerroraino bete da Gazteszena aretoa, eta —donostiarraren lanek pizten duten interesaren lekuko— emanaldia hasi baino ordubete lehenago zazpi bat ikusle zeuden han, leihatila noiz irekiko zain.

Piedra (Harri) honetako hiru dantzariak behegainean etzanda agertu dira hasiera batean, eremu eszenikoa beren bira horizontalekin alderik alde eta behin eta berriro zeharkatuz, ilunantzean eta musika atmosferiko batean bilduta. Hasiera berezi horrek hainbat gauza esan digu hiru dantzarien kemenaz, hiruren arteko koordinazio orbangabeaz eta koreografoak tempoa gobernatzeko duen maisutasunaz.

Brasiliako Kelton abeslariak a capella abestutako Espaço vazio poema malenkoniatsu ederrak girotu ditu emakume dantzari batek zoru gainean deskribatu dituen eboluzio inspiratuak, lurretik noizbehinka eta harrigarriro altxatzen zelarik. Une batez pentsa liteke inprobisatze hutsean ari zela, baina beste emakumeak eboluzio berak era paraleloan garatu dituenean ulertu dugu han ez zegoela ezer ausaz eginda, dena zegoela helburu goren baten zerbitzura, eta bai piezaren gidaritza bai dantzarien inplikazio fisikoa gu guztion ni hilkorra transzenditzeko xedez zetozela.

Hala ere, dena ez da dantzarien gaitasun fisikotik eta koreografoaren bilaketa erostezinetik etorri, Calonge aspaldi hasi baitzen elementu eszenikoei behar besteko esangura ematen, betiere dantzaren zerbitzura jarrita, xede baten zerbitzura, inolaz ez dantzaren balizko pobretasuna edo ideia koreografikoen eskasia estaltzeko. Ez da hori Calongeren kasua, eta lan honetarako goitik eskegitako belardi gorri bat proposatu digu, argi gorriz eta haize leunez apaindua, itsas azpiko paisaia artegagarria, ia mehatxuzkoa, zirudiena.

Irudimenezko alga-zelai haren azpian jardun dute dantzariek, inpaktu handiko ekintza fisiko sendo, irmo, kasik mingarrietan murgilduta, eta norberaren gorputz-jaurtiketa horizontalei ekin dietenean ariketa hori aspaldian ikusia genuela uste izan badugu ere, laster konturatu gara horrek ez zuela zerikusirik orain arte ikusitako ezerekin eta bai, ordea, arrisku pertsonalaren eta sinisten dugunaren alde borrokatzearen ideiarekin. Kontzesiorik gabeko lan ausart eta aurreratu honen amaieran duo kementsu batean sartu dira emakumeetariko bat eta gizona, hizkuntza estrainio batean abestu den salmodia batek inguratuta eta noizbehinkako besarkada pasionatuek etenda, baina benetako amaieran bi sorpresa eszeniko etorri dira, bata umoretsua bezain estoikoa eta bestea arriskuaren eta ahalegin fisikoaren erakusgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.