KRITIKA. Dantza

Haragi bizian

Maddi Sara Goikoetxea Juanena
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

'Los perros'

Konpainia: Led Silhouette. Dantzariak: Jon Lopez eta Martxel Rodriguez. Ideia eta zuzendaritza: Marcos Morau. Testua: Carmina S. Belda. Musika konposizioa: Cristobal Saavedra. Tokia: Donostiako Gasteszena. Eguna: azaroaren 11.

 

Proposamen ausarta ekarri digu Led Silhouette konpainia lesakarrak, estilo garaikidearen ikur, dantzarion teknika eta presentzia eszenikoa agerian jarri duelarik. Musika, eszenografia, testua... Oholtzaratu dituzten elementu guztiei indar handia darie, existentzialismo ilun samar batez aritzen den testuaren zerbitzupean.

Carmina S. Beldarenak dira hitzak, eta inor indiferente utziko ez luketen moduan xuxurlatzen ditu nafar hizkeraz gizon baten ahots sendoak, urrutian behien kanpai-hotsak entzuten ditugun artean. Teatroa hartzen du Baztan bukolikoaren misterioak.

Haurtzaroa eta haren inozentzia, gizon bihurtu beharraren exijentzia, arrakastaren aldeko karrera, desirak, ametsak eta frustrazioak, harremanak, bakardadea, maitasuna eta gorrotoa. Finean, bizitzak eta denborak indibiduoaren kontra irabazten duen bataila ankerra.

Aipagarria da sorkuntzari eta arteari egiten dion erreferentzia: haren funtzioaz edo baliagarritasunaz hausnartzen du, arteak bizitzarekiko dugun jarrera nola moldatzen duen, eta alderantziz.

Lengoaiak iruditeria poetiko bateranzko apustua egiten du, gorputzak bakarrik adieraz lezakeen era unibertsalean. Interpreteak eta ikuslegoa bera ere haragi bizian uzten duen intentsitate emozionalari oda bat da Los Perros, humanitatearen animaltasuna azaleratzen duen dantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.