KRITIKA. Artea

Hankak atzean, begiak aurrean

Gizon bat, Arantzazuko erakusketa ikusten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'Amets-kabi'

Non: Gandiaga topagunean, Arantzazun (Gipuzkoa).Noiz arte: Urriaren 19ra arte.

Euskal eskultura berrasmatu zuten Oteiza, Txillida eta Basterretxeak artea, natura eta espiritualtasuna uztartzen zituen babesleku bihurtu zuten Arantzazu, hurrengo belaunaldiko sortzaileentzako erreferente esanguratsua bihurtzeraino. Orain, Arantzazu Gaur fundazioak haiengandik edan eta —hankak atzean, begiak aurrean— bide propioari jarraitu zioten zortzi eskultoreren erakusketa kolektiboa antolatu du, Xabier Saez de Gorbea kuradorearen eskutik, karga historiko baina gaurkotasun nabarmenekoa.

Gordeleku ezberdinak ahalbidetzen dituen lekua, babesleku berezia da Gandiaga topalekua. Sarreran, mendizerrara irekitzen den erakusleiho espektakularraren baitan artista bakoitzaren pieza bana jarri dute, singulartasunaren baitan mosaiko unitarioa osatuz; tamaina txikerreko piezak dira, delikatuak, ondo hautatuak; pieza txiki eder batek ohikoa du handian ere funtzionatzea, alta, ez alderantziz, txikitasunaren apologistek ondo dakiten bezala.

Barruan egile bakoitzaren beste bi pieza aurki daitezke, tamaina ertainekoak, modu orekatuan muntatuak, sarrerako diskurtso plastikoaren osotasunari eutsiz. Badute antzekotasunik; hala nola itxura abstraktizantea, materialen izaerekiko analisi eta depurazioa, eta egileek arteaz duten kontzepzioa.

Ricardo Ugartek (Pasaia, Gipuzkoa, 1942), Euskal Eskola deitutakoaren historikoetako batek, beti materiaren eta desokupazioaren arteko erlazioez kezkaturik, euskal unibertso mitikoaren eta lengoaia modernoen konstrukzioak konbinatzen ditu modu oparo eta analitikoan. Erakusketako piezak zuzenean itsasoaren munduarekin daude erlazionatuta; burdinazko itsasontzien brankak abiapuntu, altzairuzko xafla tolestuek ebakidura geometriko zehatzak, zorrotz zein borobilduak, agertzen dituzte. Natura da Jose Ramon Andaren (Bakaiku, Nafarroa, 1949) inspirazio iturria. Plastika sentsual eta depuratua garatu du, funtsean plano eta kurbek karakterizatzen duten mintzaira sortzeraino. Zura modu oparoan landu badu ere, kasu honetan tamaina handian gauzatu ahal izateko brontze patinatuzko piezak daude barrualdean, leun eta organikoak, erakargarriak oso, eta intxaur egurrezko totem geometriko eta txikia kanpoan.

Jose Zugastik (Eibar, Gipuzkoa, 1952) eskulturaren oinarrien gainean itauntzen du alanbrezko pieza ireki eta kiribilduen bidez, lan fin eta iradokitzaileei bide emanez, hala bere baitan kiribiltzen diren korapilo nahaspilatsu eta bikainekin nola paretan itsatsita eraikitzen diren konstrukzio organizistekin, airean gauzatu metalezko pintzelkada dantzariak diruditenak eta formaren garapen multiplikazio kaotikoetan ordena erritmiko eta dinamikoa lortzera heltzen direnak. Iñigo Arregik (Arrasate, 1954), kanpoan erakusten duen planoen konstrukzio luzanga zainduaz gain, berariaz erakusketarako eginiko beste bi pieza agertzen ditu, Arantzazuri eskaini tamaina erdiko zurezko triangelu gorri eta konplexua, indartsua zinez, espazio berriak sorrarazi eta bere produkzioan bide berri bat irekitzera datorrena, eta sakonera nabarmena lortzen duen grafismo ederreko kartoi bi(tri)dimentsionala.

Aro figuratibo eta espresionista abstraktu baten ostean, Iñaki Ruiz de Eginok (Donostia, 1953) azken urteotan eskultura geometriko eta sintetikoa gauzatzen dihardu. Espazioaren azterketa planimetrikoa da berea, espazio-zabaltze orekatu eta analitikoen bidez proposamen poetikoak eraikitzen ditu —ez dira falta mitologiaren edo literatura klasikoaren erreferentziak—, kasu honetan aurkezten dituen altzairuzko planoen konbinazioetan legez.

Eskultore gazteenen artean, Koldobika Jauregik (Alkiza, Gipuzkoa, 1959) orotariko materialak darabiltza, elkarrekin jolasean, elementu abstraktuen baitan zeinuak sortu guran. Naturan aurkitu elementuengan —izan errekako harriak zein bolkanikoak— interbentzio minimoak egiten ditu, sekula erreferentzia kontzeptualak galdu barik. Estetika labirintikoagoa darabil Guillermo Olmok (Sarria, Lugo, 1960); idazlan abstraktuak balira bezala sortu saretetan, barrualdea-kanpoaldea dikotomiaz gain, zuraren, paperaren, altzairuaren eta harriaren arteko kidetasun jostalariak osatzen ditu.

Iñaki Olazabalen (Andoain, Gipuzkoa, 1959) pieza txikiak, naturarekin erlazioan, flotatzen dauden bi elementu enkoadratzen ditu, baina barrualdeko lanetan aurkituko ditugu eskultorearen lan identifikagarrienak. Paretako zinkezko piezan —arina pisuz baina dentsitate bisual nabarmeneko materiala, gris eskala oparokoa—, masa sendo batek preso dauka egur gorri luzanga —zeinu abstraktu bat balitz bezala—; lurrean, Oteizaren mugimendu geldiaren ideiari jarraikiz, bi pieza geometrikoen higadura izoztua irudikatzen du.

Euskal eskulturaren tradizioak, intelektualismo sentsualekoak, indarrean eta osasuntsu dirauela erakusten da Arantzazuko erakusketan, amets kabiak (otoitz lekuak?) jarraipenik baduela demostratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.