'Julio Cesar'
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 2.
Hamasei aulki eta obelisko handi bat izan dira eszenografiako elementu ia bakarrak Julio Cesar antzezlanean, atzeko pantailako irudi proiektatuekin batera, eta soiltasun horrek are nabarmenagoa egin du antzezpenei eta hitzei emandako balioa, Paco Azorin zuzendariaren nahiaren arabera.
Besteak beste Meridako (Espainia) antzerki klasikoko jaialditik etorritako muntaia handi honetan Azorinen izena da nagusi, bereak baitira zuzendaritza, bertsioa eta eszenografia. Espainia aldeko panoraman ezagunak diren hainbat aktore bildu dira taula gainean, eta haien artean Mario Gas dugu izenik ospetsuena, oraingo honetan zuzendari lana alboratu eta Julio Zesarren rolean ibili delako, txukun eta emankor beste guztiak bezala, eta protagonismo idorretik ihesi, jakitun izanik bere izena dela eszenaratze honetako tanto nagusia.
Shakespeareren Julius Caesar hainbatetan eraman da pantaila handira, erromatar inperioaren figura nagusiak interesa piztu duelako mendeetan zehar, eta are gehiago haren hilketak eta jarraian etorritako ondorio politikoek. Azorinen bertsioan, beharbada, galdu egin dira jatorrizko testuaren balio batzuk, eta egia da oraingo honetan ordubete eta erdian ikusten dugula garai batean orduak iraungo zituen emanaldia. Hala ere, eta testuaren kutsu historizista gorabehera, esangura polita hartu du muntaiak zenbait pasartetan, eta haien artean bi nabarmenduko nituzke.
Haietariko lehena elementu anakronikoen erabileragatik etorri zaigu, konspirazioaren prestaketan. Une horretan, uniformeen gristasunak, idazmahaiak, idazmakinak eta aulkien disposizioak ezinbestean gogoratu digute militar nazi bakan batzuek Hitlerren kontra prestatu zuten atentatua. Eta bigarren unea antzezpen bategatik gertatu da, Marco Antonioren hileta-hitzaldian argi geratu delako politikari trebeek masak manipulatzeko duten gaitasuna. Ideia horren irudikapenean funtsezkoak izan dira besaulki-patioaren erabilera eta erromatar jendetzaren hots asaldatua.
Gainontzean, epikotasunera jo dute antzezpenek, Williamek eta gaiak hala eskatuta, eta bai aulkiak bai obeliskoa baliagarriak suertatu dira dramaturgiarako. Irudi proiektatuak, aldiz, batzuetan betegarri hutsa eta beste batzuetan oztopo ere izan dira. Amaitzeko, bitxikeria bezala, apirilean bertan Giulio Cesare italiar ekoizpena etorriko da Eibarrera eta Donostiara, eta uste dut polita izango dela bertsio biak ikustea eta euren arteko alderaketa egitea.
Kritika. Antzerkia
Hamasei aulki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu