Santi Leoné lehendik ere ezaguna zen euskal kulturan, iritzi-emaile eta saiakeragile gisa batez ere.Hauxe da, baina, kaleratu duen lehenengo fikziozko lana. Hamar narrazioz osatutako liburua da eta azken aurreko ipuinak ematen dio izenburua lanari, Liztor mutanteak. Ipuin laburrak dira, ustez bata bestearekin loturarik gabekoak. Hala ere, narrazioek badute harremanik hala gaiei nola bestelako ezaugarriei dagokienez. Hari fin batek lotzen ditu eta elkarren oihartzun ezkutua dute.
Nagusiki bi gairen inguruan ardazten dira kontakizunak: giza harremanen gorabeherak —bikote harremanen tirabirak, batik bat— eta bizitza eta fikzioaren arteko erlazioa. Zaputza, damua, koldarkeria eta etsipena bezalako sentimenduek bizi dituzte pertsonaiak. Gehienei eguneroko bizitzarekiko desgogoa nabari zaie, errutinaren atzaparretatik ihes egin nahia. Hori lortzeko fikziora jotzen dute sarri, izan ere, liburuaren izen bereko ipuineko protagonistak dioen bezalaxe, «fantasiak ez badu egunerokotasunetik ihes egiteko balio, orduan zertarako balio du?».Narrazioetako batzuei kutsu metaliterarioa darie—Jainko astronautak, Zutabegilea edo Neguko bidaia bezalakoei, kasu—. Horrelakoetan plagioa eta testuartekotasunaren moduko auzi literarioez hausnartzen da, besteak beste. Gainerako ipuinak soilagoak dira, gogoeta metaliterarioez horren hornitu gabeak —Sekretuak, Erabakia, Gauzarik errazena behar luke, Ezagutzen duten mutil arraroena naizela esan didate—. Eta, azkenik, aipatutako horien arteko erdibidetzat har daitezkeenak daude, erabat metaliterarioak ez izanagatik fikzioaren eta errealitatearen arteko hartu-emana dutenak oinarri—Violeta Moliner, Viktoria Müller, Hau zerua ote da?, Liztor mutanteak—.Denakala denak kultur-erreferentzia ez gutxik lagunduta, dela literarioak, dela pop-kultura deritzon horretakoak.
Lehenengo eta hirugarren taldeko ipuinek asebete naute gehien. Bigarrenekoak usatuagoak iruditu zaizkit, interesgarriak bai, baina, nolabait esatearren, ibilbide laburragokoak. Ipuin on batek behar duen irakurri ondoko hedatze eta handitze sentipenik ez didate eragin mota horretakoek, akaso euskal literaturan ondo ustiatutako estiloa denez. Gainerakoak forma zein eduki aldetik emankorragoak antzeman ditut. Horietan autoreak asmatzen du elipsien kudeaketan eta narrazio denboraren antolaketan. Hirugarren pertsonaren hautuak, gainera, on egiten dio kontaketari, gertaerekiko distantzia bat markatzeak bere efektua handiagotzen baitu. Era berean, lehendabiziko ipuinaren ikuspuntu aldaketek eta hirugarrenaren analepsi eta prolepsiek —denbora sekuentziaren atzera-aurrerek, alegia—, esaterako, narrazioa aberasten dute, gaiei behar den konplexutasunez heltzeko bidea emanez, bidenabar. Liburuko ipuinen amaiera ere nabarmenduko nuke, Leonék gehienetan badakielako bukaera irekiak ematen, irakurleak hutsuneak bete ditzan. Hortaz, oro har ipuin-liburu bihurria, jolastia eta geruza bat baino gehiagokoa ondu Santi Leonék. Hamar ziztada, batzuk besteak baino ezten zorrotzagokoak.
'Liztor mutanteak'
Hamar ziztada
Idazlea: Santi Leone. Argitaletxea: Susa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu