'Zerua beti beherago dago'

Hamalaudun berraurkitua

Egilea: Karlos Linazasoro. Argitaletxea: Utriusque Vasconiae.

Alex Gurrutxaga Muxika.
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hirurogei sonetoz osatua da Karlos Linazasororen azken poema liburua: Zerua beti beherago dago. Formatu txikiko liburua da, esku batean kabitzen da, eta horrek ez dio testuari laguntzen. Bestela esanda, liburuaren fisikotasuna jantzi eskas gertatzen zaie poemei. Adibidez, lehen poema kredituen orriaren ondoan dago, begietara gauza oso dotorea ez dena; eta, amaierako poemetan, orrialdea zabalean hain estua izanik, ia lerro guztiak zatituta datoz —hori ere kontu aski traketsa irakurlearentzat—. Ñabardurak dira, bai, baina kontua da jantzi txukunagoak hobeto luzituko lukeela mamia.

Eta edizioaz ohar hori egin beharrekoa zen, hain justu, poemategi honen mamia ez delako esku ahurrean kabitzeko bezain txiki eta urria.

Poesia lirikoa da Linazasororena —nitasunetik hitz egiten du poetak—, eta tradizio klasiko-modernoak blaitua. Baina ez da hau lirika arranditsu edo erromantikoa, baizik tonu minorrekoa —umoreak eta ironia dosi sotilek apaldua—. Behaketa eta gogoeta nagusitzen dira: ez da poesia narratiboa, ebokazioz funtzionatzen duena baizik. Oro har, batasun eta trinkotasun handiko poemak dira liburukoak, betelanik eta hari solterik gabeak.

Bildumari begira, bi gai nabarmentzen dira: amodioa eta denbora. Denborari lotuta jorratzen ditu poetak bizitza eta heriotza, izatea, traszendentzia, eta beste. Maiz asko vita flumen motiboa agertzen zaigu; hara hemen adibide ederra: «Nire izena entzuten da errekan./ Ura mar-mar doa, zilarrez ase,/ denboraren bulkada urdinaz gose,/ itzulerarik ez duen ordekan». Amodiozko poemetan, berriz, normalean zu bati mintzatzen zaio poeta, eta maitasuna, erotismoa eta umorea uztartzen ditu, melodraman erortzea saihestuz betiere. Aipatzekoak dira, aurrekoez gain, idazteari eta poesiari buruzko poemak ere.

Formalki, markatu beharreko ezaugarri nagusia sonetoarena da noski. Linazasorok bertso librea zein neurtitza baliatu izan ditu, eta kasu honetan kortse klasikoari lotu zaio. Sonetoak, esan gabe doa, hamalau lerrokoak izaten dira, 4-4-3-3 banatuta ahapaldika. Silabei dagokienez, hendekasilaboak dira Linazasororen lerroak gehienetan —hamalaukoak baliatu ditu azken lau poemetan—. Literaturan —eta akaso poesian bereziki— inportantea da idazleak zer leku hartzen duen tradizioarekiko, nondik edaten duen, zeri ematen dion beste buelta bat... eta kasu honetan ere antzematen dira zantzu zenbait, bereziki euskal autore modernisten oihartzunak —Gandiagari keinu bat hemen, kutsu letetarra hor...—.

Horrez gain, naturaren presentzia indartsua da. Iruditeria joritasunez lantzen du poetak, eta surrealismorako joera nabaria da: «ihintza mutu dabil», «euriak atzazalak jarri dizkit/ sorbaldan», «urkiak elurra dauka sexuan», eta abar. Askotan, naturako elementuek —euria, pagoak, txepetxa, eta abar— abiatzen dute poema, eta horietatik egiten du poetak emozioetara eta pentsamendura. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi han eta hemen agertzen diren umore printzak eta, bereziki, hainbat poematako autoironia fina.

Normala den bezala, liburuko soneto guztiak ez dira dirdaitsuak. Alabaina, oro har maila handiko poemategia da, eta dotore jorratzen ditu bai erritmoa, bai iruditeria eta baita pentsamendua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.