Artea. Kritika

Hamaika dimentsio

Alberto Peralek Marzana espazioan jarritako ispilua, erronbo formako zuloarekin. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Haizea Barcenilla
2011ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Alberto Peral.

Lekua: Bilboko Marzana espazioa.Noiz arte: ekainaren 17ra arte.

Marzana espazioak orokorrean bere tamaina txikia gardentasunaren bidez orekatzen du: aurreko pareta guztia beiraz osatuta dago, eta kanpokoa eta barnekoa nahasi egiten da, bat bihurtu, artelanak kalera aurkeztuz eta kalea espazioaren barruan hartuz. Hala eta guztiz ere, bertan erakusten duten artista gehienek espazio itxi moduan hartzen dute; bigarren mailan uzten dute kanporako begirada hori, haien lanetarako, askotan, barneko elementuen arteko koherentzia garrantzitsuagoa delako.

Alberto Peralek, berriz, modu guztiz desberdinean hartu du espazioaz jabetzeko aukera, eta bere lanaren izaera formalari uko egin gabe, galeriaren ezaugarriak aprobetxatu ditu lan hori osatzeko.

Lehenik eta behin, iristean kanpotik Marzana nahiko aldatua ikusten dugu, leihoa aurrean dagoen paisaia bihurtzen baita. Hots, leihoaren tamainako argazki bat kokatu da beiran, ispilu perfekzionatu baten antza hartuz; hala ere, ustezko ispilu horrek pitzadura zabala du, erronbo formako zulo garden bat, mozketa bat, oraindik jatorrizko leihoa gorde eta barnera xurgatzen gaituena, zulo beltz baten modura: hor hasten da Alberto Peralek, dimentsioz dimentsio, espazioaren geruzaz geruza proposatzen digun bidaia.

Izan ere, geruzak eta forma geometrikoak dira Peralen proposamenaren oinarri. Erronboak presentzia berezia du, errealitatean barneratzeko eta horretan arakatzeko mozketarik zientifikoenaren moduan akaso. Erronbo desberdinen erritmoa sortzen da piezaz pieza, eta erronbo batetik bestera espazioaren geruzak atzean utzi eta sakonduz goaz.

Lehen geruza kalearena da, lehen erronboaren bidez begiekin zulatu eta hausten duguna; hortik bi eskultura lanekin aurkitzen gara, espazioaren erdian: bi aulki, zeinen gainean beste bi erronbo lau dauden, eseriak baleude bezala, edo, hobe esanda, horietatik beste espazio paralelo eta lau batetara pasatuko bagina legez. Hirugarren eta bigarren dimentsioaren tarteko espazioaren sortzea dirudi, erronboen kokapena hiru dimentsiokoa den arren begiradak horien zuritasunaren planoarekin talka egiterakoan hor geratzen baita ikuspena, sakontasunaren ilusioan erori gabe. Lauak eta sakonak dira aldi berean; geruzen artean harrapatuta daude.

Paretan eskema horren kontrako aukera aurkezten zaigu: argazkietan agertzen dira bi leku, eta horietako bat kalean kokatutako aulki bat da. Irudi laua, bi dimentsiokoa. Argazki ohikoa. Eta, horren gainean, beste erronbo bat. Oraingoan, berriz, ez da agertokian aulkiaren gainean kokatutako erronboa, erretratatua izan zena gero, baizik eta ostera geruza, parametro eta dimentsioen artean kokatzen den forma: paperez egina dago, eta mozketa batzuen bidez hiru dimentsiokotasunaren inpresioa sortzen du, aulkiaren gainean egon beharrean, horren argazkiaren gainean kokatua, antzera. Hurbilduz, ordea, paper horren agerpena mozketa baten bidez azaleratzen dela sumatzen dugu. Gainean eta azpian dago aldi berean, moztuta eta jarrita, laua eta bolumenduna.

Eta handik, ondoko hormara. Edo, hobe esanda, hormaren azpian dagoen lekura. Hemen artistak, beste behin ere, espazioa testuinguruaz gain, lan euskarri bezala ulertu baitu, eta zuzenean moztu du galeriaren azala, bere pareta zuria, azpitik dagoen materialaren erronbo bat erakusteko. Berriz ere erronboak. Berriz ere lerrunak. Beste geruza bat.

Erronboaren erabilera bilaketa bihurtzen da zuhaitz baten argazkiaren aurrean. Peralek pinu normal baten argazkia atera eta sistema erraz batez, gainjartzeen bidez, bere izaera deformatu du, erronboaren itxuraz hazi dela emanaz. Lehen inpresioa, urrunetik, benetan erronbo forma duen pinu baten argazkia ikustearena da. Ondoren, hurbiltzean, segituan nabaritzen da sistema optikoa, artistak ezkutatu nahi izan ez duena. Zergatik ez, alegia? Bere asmoa geruzen jokoa izanik, gainjartzearen bidez sortutako geruza fisikoak izateko arrazoia duelako, hala nola errealitatea, horren irudia eta azkenik horren manipulazioaren bidez agertzen den maila izaki.

Erakusketa, Marzanako gehienak bezala, ez da handia, baina bai osatua. Lanen arteko erlazioek aberasten dute, espazio itxi eta, aldi berean, irekia sortuz. Azken mostretan maiz ikusi dugu errepresentazioa eta presentziaren arteko tirabira, bai Naia del Castilloren lanetan, bai Alberto Peralen honetan; bere lanen asmoa ez delako ikusmen-joko erraz bat eratzea, pertzepzioaren maila eta modu desberdinak arakatzea baizik. Non dago errepresentazioa eta non presentzia? Zein funtzio dute horretan bi edo hiru dimentsiotako antzemateek? Galdera horien artean mugitzen dira Peralek ekarritako irudi eta objektuak.

Eta galeriatik ateratzeko, azken urratsa, kanpoko paisaia erronbo modura beste geruza bat legez dakargun irudia: aurreko beiratik moztutakoa, Erriberako merkatua, ikuspegia bi plano perpendikularretan hautsiz. Aliziaren ispiluaren modura, espazioaz jabetzeko ikuspegi desberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.