Gorka Catediano
Lekua: Donostiako Miramar jauregia. Eguna: Abuztuak 19.Hamaika bider aldarrikatu beharko genuke musikari gazteei zuzenduriko laguntza. Hamaika aldiz ez da asko, ezta gutxiago ere! Musikene ikastegiak urtero hamaika baino gehiago diren talentuzko lizentziadunak koroatzen ditu; batzuk etorkizuna irensteko hamaika mila arrazoirekin, eta beste batzuek hamaika zergatirekin gehiegitxo dute musika munduan lekuren bat aurkitzeko. Gorka Catediano perkusio jotzaileak hamaika hitz baino gehiago erabili zituen bere musika ibilbidean orain arte eskaini duen errezitalik garrantzitsuenerako. 1950eko hamarkadan jaiotako konpositoreak eta Jagoba Astiazaran musikagile gaztearen estreinako musika lana planteatu zituen 11 urte bi aldiz jadanik bete dituen perkusio jotzaile gazteak.
Hamaika instrumentu baino gehiago sakabanatu zituen Catedianok. Philippe Manoury frantziarraren Bibrafono Soloa ez da hamaika aldiz entzuten den obra bat. Hunkigarria, sotiltasunez beterikoa, akordeen geruza harmonikoak itzaltzen zuzen aritu behar den horietakoa. Hamaika saiakera ez zituen behar izan Catedianok entzulea guztiz harrapatzeko, hasieratik hain arrotz dugun perkusioa gerturatzen hasia baitzen. Halere, Alejandro Viñaoren Khan Bariazioak ez ziren guztiz garbi entzun, gazteak hamaika bider errepikatzen den erritmoan jarri zuen arreta osoa, baina obraren egitura mugikorregia izan zen, kantu hotsa erritmoarekin erdi lotu arte.
Astiazaranen obrak Mendebaldeko Sahararako kideak omentzen ditu, Hamaika Ilargi deritzon hiru zatiko obran. Asko txalotutako estreinaldia izan zen, Jon Ansorena silbotearekin, Maria Zubimendi akordeoiarekin eta Gorka bera perkusioarekin erbesteratze eta itxarote prozesua hamaika ilargi kolorez margotu arte. Obra zinez irudikorra da, ikusten den horietakoa, non silbotearen uluak akordeoiaren sostengu jasankorrarekin gozoki kutsatzen diren. Indiar doinuak hamaikatxo erritmorekin nahaspilatu ziren James Wood ingelesaren Rogosanti piezan, non hamaika gaixotasun eta beste hamaika sendatze deskribatzen diren. Akordeoiak metalari hamaika argudiozko isiltzea iradoki zion Magnus Lindberg finlandiarraren Metal Work obran, gong instrumentuari astindutako hamaika kolpeek Gorka Catediano perkusio jotzaile gaztea arrakastaren aldarera eraman arte.