Tom Harrell Branford Marsalis quartet
Tokia: Mendizorrotzako kiroldegia
Eguna: Uztailaren 19a
Harridura sentitu nuen ostiral gauean Tom Harrell tronpeta jotzailea Mendizorrotzako agertokian ikusi nuenean. Jaialdiaren antolakuntzatik esan ziguten artistak ez zuela argazkilaririk inguruan ikusi nahi eta nik xelebrekeriatzat hartu nuen musikariaren apeta hori, baina taldea lanean hasi zenean, gizon horrekin zerbait arraro gertatzen zela sumatu nuen. Burumakur zegoen mikrofonotik hurbil, gihar bat bera ere mugitu gabe, hieratiko, beraren inguruan sortzen zen musika edonor mugiarazteko modukoa bazen ere. Wikipedia kontsultatuz jakin nuen gaztetan eskizofrenia diagnostikatu ziotela eta tratamenduan dagoela harez geroztik. Bere munduak bizi du Harrell eta musika da gainontzekoekin komunikatzeko aurkitu duen bide zuzenena.
Garbi geratu zen kontzertu osoan zehar, talde horrek bi zutabe nagusi zituela. Alde batetik, Tomen tronpetatik irteten ziren soinu goxoak, leunak, cool edo post-bop mugimendu hartatik asko dutenak, eta beste aldetik, Wayne Escoffery-ren saxoak airera botatzen zituen nota biziagoak eta erasokorragoak, ezinegona sortzen zutenak. Bi ikuspegi osagarri emanaldi gustagarri baterako. Lan horretan, Danny Grisset piano jotzaileak ere ondo lagundu zuen tarteka. Talde honek grabatu duen Number Five diskoaren lehen piezarekin (Blue 'N' Boogie) amaitu zuten kontzertua. Orduan hitz egin zuen Harrellek lehen eta azken aldiz, lankideak aurkezteko eta eskerrak emateko. Pairatzen duen gaixotasuna begi bistan geratu zen emanaldia bukatutakoan, ez baitzekien nora joan behar zuen eta noraezean ibili baitzen agertokitik kanpo. Horixe da eta bere tokia.
Banford Marsalisek, ordea, ondo daki nola mugitu behar den oholtza gainean. Laukote formatuan etorri da oraingoan Gasteizera, Joey Calderazzo piano jotzailearekin. Lehen minutuan irabazi zuten entzuleen miresmena, Four MFs playing tunes diskoaren lehen pieza, The mighty sword, bizi-bizi joz. Pieza horrek laburbiltzen du kontzertu osoa: bizitasuna, kalitatea eta irudimena. Talde honek denbora luzea eman du elkarrekin jotzen eta hori igartzen da oholtza gainean, beraien artean sintonia handia dagoelako eta protagonismoa partekatuta daukatelako. Zalantzarik gabeko izarra Marsalis den arren, Calderazzoren lana ere nabarmendu behar da. Sortzaile gisa, lehen aipatu dudan tema hura berea delako, eta interprete moduan, Maestra eta Teo piezetan eman zuen erakustaldia harrigarria izan zelako. Erraz egiten du dena eta aho zabalik utzi gintuen behin baino gehiagotan, kontrako norabidean doazen eskala ezohikoak garatuz. Branfordek, berriz, maisutasuna erakutsi zuen saxo zuzenarekin (sopranoa), nota altuagoak jotzeko egokia, eta tenorrarekin, nota baxuetarako. Musika esaldi luzeak eta korapilatsuak eskaini zituen In the crease teman eta zaleei labur egin zitzaien kontzertu osoan zehar.
Emanaldia amaitzeko, St. James Infirmary kantu tradizionala aukeratu zuten, Louis Armstrongek munduan zehar zabaldu zutena.
Kritika. Gasteizko 37. Jazzaldia
Haize tresnen nagusigoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu