Kritika. Musika

Guztiz biluzik

Arkaitz Mendoza.
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Grigori Solokov

Egitaraua: J. P. Rameau, W. A. Mozart eta J. Brahmsen obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailak 16.

Arropa erantzi banindute bezala sentitu nintzen Sokoloven lehen akorde notak entzutean. Teklatua laztan maitagarriz tratatu zuen errezitaldi osoan, musikari askok gure buruan perfektutzat dugun soinu eskuraezina lortuz. Miresgarri, haluzinagarri eta adeitasunez agurtu beharreko interpretazio sentikor honek musikazaleon arimak guztiz biluzita utzi zituen, deseginda

Bitxia izan zen Rameauren musika barrokoa piano errezitaldi batean egituratzeko ausardia. Baina Sokoloven hatzetan ausardiak ez du lekurik, ez izenik. Harribitxi, urrezko ur tanta zerutiarren erorkera bailitzan, musika esaldi oro biribiltasun handiz gauzatu zituen, trinoz josita dagoen partiturari ohorezko balioa atxikituz. Txatalez txatal interesa gorantz abiatu zen, gero eta arreta biziagoa piztuz. Kontrapuntu jokoan eta akorde bakoitzaren jorratzean maisuki azaldu zen piano jotzaile errusiarra, betiere xuxurlari eta zehaztasunez. Jarraian dastatutako Mozarten KV310 Sonata-ri ez zion handikeriarik gehitu, ezaugarri guztiak bere puntuan egosiz. Teknika garbitasuna, melodien kantatze era eta obra osoaren egitura trinkoa dotore mantendu ziren, Andante cantabile-ko dinamika aldaketak arnasa kentzeko moduko zorioneko ezustekoak izanik.

Hain gogoko dudan Brahms plazaratu zuen Sokolovek atsedenaldi ostean, erromantizismoaren gailurrera iritsiz. Indar sendoa, kilima goxoak, laztan sentikorrak eta pasio uholdekada korronteak eremu berean bateratu ziren, Brahmsen musikari laudoriorik bikainena eskainiz. Haendelen melodia baten inguruan bururatutako bariazio atalak orkestra sinfoniko erraldoi batean oinarritu zituen Sokolovek; batzuetan, haize bakarlari baten kanta hotsa; bestetan, orkestra makineria osoaren burrunba eztanda. Partitura goitik behera biluzi zuen, txoko guztietatik ñabardura mila ateraz. Eroso geunden biluzte prozesuan, eta era horretara iritsi zitzaizkigun 3 Intermezzo ameslariak. Zoragarri, hunkigarri eta txundigarri. Errezitaldi amaieran txaloak sobera genituen, isiltasunean auditoriumetik irten izan bagina askoz hobe, Sokolovek sortutako giroa guztiz zerutiar eta imajinaezina izan zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.