Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Guztiak sorginak

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Akelarre'



Zuzendaria: Pablo Aguero. Aktoreak: Alex Brendemuhl, Amaia Aberasturi, Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra, Yune Nogueiras. Herrialdea: Euskal Herria-Frantzia-Argentina. Iraupena: 90 minutu.

Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dela esan ohi da, entzun nahi ez duena baino gorragorik. Bada ere, besterik ikusi nahi ez duenaren kasua, dagokigun filmak erakusten duen bezala, hain justuki.

Erdi Aroan kokatuko gaitu filmak, itsas bazterreko herrixkan; bertan emakumeak besterik ez daude, eta horien artean asko, gazteak. Ederrak, lotsagabeak, xaloak, gazteak azken finean. Inuzenteak.

Aguerok nekez ematen dio hasiera zintari, modu katramilatuan nolabait, eta hasiera horretan protagonistak eta testuingurua azaltzen dizkigu: neska gazte taldea, Eliza eta Espainiako erregearen aginduz datozen atxilotzea, galdekatzea eta epaitzea.

Guztiak sorginak!

Behin atxilotuta, istorioan errepikatzen den prozesuaren lekuko izango gara: nola jarriko den auzitan salatutakoen zintzotasuna, salatua izateak errudun izatea esan nahiko balu bezala; nola egingo dituen botereak aho-korapiloak, salatuen hitzak zigorgarriak izan daitezen; nola hedatuko diren bortxa, tortura eta fanatismoa filmean. Zuzendariak estropezuka hasten duen istorioak mamia garatuko du aurrera egin ahala, aktoreen lanak bezala. Errituan murgilduko gaituzte oharkabean, jolasean, zirian, tranpatia delako egia, tranpatiak direlako ezarri dituzten arauak. Eta horrela egingo dugu ihes, neskekin batera, sorginekin batera, aurrera, edonora ihes, baina aurrera, errituan aurrera, istorioan aurrera, bidean aurrera.

Soinu bandari dagokionez, nola ez aipatu Maite Arroitajauregik maisuki konposatutako kantika, zigilu guztiz pertsonala duena. Mursegok eramango gaitu, abestiaren bitartez, amaierara, gizonei beldurrik ez dieten emakumeen istorio honetan. Emakumeez beldur diren gizonen istorio honetan.

Akelarrea, mito hori, modu interesgarrian irudikatu dute, hortaz, nekez hasi baina sendotzen doan eta indartsu amaitzen den istorio honetan. Aktoreen lan ezin aipagarriagoa du, gainera, filmak, nesken antzezpenekin hasita, nola ez —Amaia Aberasturi buru—, eta gizonezkoenekin amaituta—Alex Brendemuhl liluratu bezain lardaskatuki galdua, inkisidorearen dantza ilunean—.

Akelarre ez da guztiz borobila izango, eta hasiera trabatua du. Are gehiago, ñabardura ugari epaituko nituzke, inkisizioan bezala, baina, egia esan, azken sekuentzia ikusteagatik soilik merezi du filmak. Ni, behintzat, sorgindu nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.