Kritika. Zinema

Gurutzearen bidegurutzea

Gontzal Agote.
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
'Elefante blanco'

Zuzendaria: Pablo Trapero. Aktoreak: Ricardo Darin, Martina Gusman. Herrialdea: Argentina. Iraupena: .

Pablo Trapero argentinarra tematuta dago bere herrialdeko kronista soziala izatearekin. Lehen filmetik —horren harrera beroa izan zuen Mundo grúa— zazpigarren honetara, Argentinako alderdi ezkutuena pantailaratzen saiatu da. Ikuspuntu eta gai diferenteak baliatuta, horrek ematen du bere bokazioa.

Patagoniako lurralde infinituez eta itsasoa zeharkatzen duten balea eta pinguinoez harago, populazioaren zati handi batentzat Argentinako egunerokoak oso kolore beltza du. Sanchis y Jocanok Donostiaz zioten moduan, kronika horrek ez du zerikusirik udara pasatzeko ematen dizkiguten mapa zikin horiekin.

Pelikulaz pelikula, Traperok txirotasunari, bazterkeriari eta bidegabekeriari luzatu die begirada, betiere istorio bat kontatzen ari dela ahaztu gabe. Kronista konprometitu askoren akatsa izaten baita hori, aldarrikapen soziala edo alde borrokalaria lehenestea, narrazio koherente eta interesgarriaren kaltetan. Orain arte, zuzendari argentinarrak ongi jakin izan du arrisku hori saihesten, eta gaur egun zinez eskertzekoa da salaketa ahaztu gabe istorioak egituratzen eta garatzen dituen filmak aurkitzea.

Horretarako, teknika berezia baliatu du: zinema soziala beste genero batzuekin uztartzea, batez ere thrilerrarekin. Nahasketa horrek erritmo bizia eta sakontasuna ematen die haren filmei, topikoetan erori gabe. Oraingoan, bat-egite horrek aldaketa nozitu du. Haren aurreko Carancho-ren aldean, Elefante Blanco-k askoz gehiago landu nahi izan du istorioaren alde soziala, eta horiek guztiz desagertu ez badira ere, bigarren mailan gelditu dira osagai beltzak.

Ohikoak dituen plano-sekuentzia luzeak baliatuta, gauza asko kontatu nahi ditu Traperok, gehiegitxo. Konpromiso etiko eta soziala, erlijioaren —eta, bereziki, Eliza Katolikoaren— rola gaur egungo gizartean, betiereko galtzaileen itxaropen eta bizi-grina, bata bestearen alboan dauden mundu guztiz konpartimentatuak... Horietan guztietan, tonu neurtua eta errespetuzkoa erabiliko du Elefante Blanco-k; nolabait garai bateko eztabaida antzuak gainditutzat eman ditu.Honako hau ez da ideia potoloen inguruko pelikula, iraupenaren erretratua da. Filmak ez ditu soluzio magikoak eman nahi, baina argi utziko du nekeza dela borrokatzea. Baina, akaso, hobe al da mutu gelditzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.