KRITIKA. Dokumentala / Dantza

Gurseraino dantzaz

Agus Perez.
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun

'Basotik itsasora'



Film zuzendaria: Beñat Gereka. Ekoizpena: Fernando Saenz de Ugarte. Dantza konpainia: Dantzaz. Koreografia: Josu Mujika. Musika: Iñaki Salvador. Testuak: Xabier Sukia. Jantziak: Maialen Miranda, Naroa Minchero. Zuzendari artistikoa: Adriana Pous. Lekua: Bilboko Golem I eta La Casillako kiroldegia. Eguna: Apirilak 6.

Egitarau bikoitza eskaini du aurtengo Loraldiak bere azken asteburuan, Gurs izeneko kontzentrazio-esparruaren hasieratik aurten laurogei urte betetzen direla. Lehen zatian Beñat Gerekaren Basotik itsasora dokumentalaren proiekzioa ikusi dugu, eta, bigarrenean, Dantzaz konpainiaren Basoa dantza lana aurkeztu da.

Gurseko esparruan milaka euskal gudari eta espainiar errepublikano babestu ziren gerra amaitutakoan, baina haietariko lau mila inguru naziek deportatu eta erail zituzten Poloniako sarraski eremuetan. Gursen geratu zirenak lokatz artean bizi ziren etengabe, eta haietariko batek esan omen zuen: «Infernua ez da suzkoa, lokatzezkoa baizik». Hala ere, barrakoi multzo bakoitzetik bat gorde zuten kulturarako, eta haietan era guztietako jarduerak antolatu zituzten. Gaur egun baso landatu batek estaltzen du leku hartako memoria.

Beñat Gerekaren dokumental poetikoak esandako guztia jaso eta hura gure aroko errefuxiatuen egoerarekin alderatzen du, ganora handiz, tempo egokiarekin, orduko errefuxiatuen oinordekoen eta gaurkoen testigantza pertinenteak bilduz eta irudien edertasuna lagun. Iñaki Salvadorren musikak eta Xabier Sukiaren hitzek dentsitate berezia eman diote filmari.

Arratsaldean etorri da goizeko atalaren jarraipena Dantzaz konpainiaren eskutik —konpainiako Teresa Royo eta Valerio di Giovanni Gerekaren filmean ere agertzen dira—, eta, dantza hasi baino lehen, bi errefuxiatu gaztek gurean izandako bizipenak azaldu dizkigute, haietariko batek euskara ederrean, bide batez esanda.

Labirinto itxurako tunel batetik sartu gara aretora, eta eremu karratu baten inguruan kokatu gara: irudi ezin hobea beren bizitzak hesituta dituztenak irudikatzeko. Hara nun diran Iparragirreren kantaren lehen nota eraldatuekin hasi da Iñaki Salvadorren partitura ia sinfonikoa, eta, hasierako atalean, tren bateko erritmoak markatu ditu musika eta dantzarien mugimenduak, lehen pasarteetan deskonektatuak ziruditenak, esparrura ailegatzen denaren desorientazioa irudikatuz. Karratuko erpin batean garai bateko maletak pilatuta agertu dira, eta kontrako erpinean txarrantxa biribilkatuak.

Bigarren atal hau ere edertu dute Xabier Sukiaren hitzek, bertsolaritza-kalitate eta sakontasunarekin, eta beste batzuk ere entzun ditugu gaztelaniaz, frantsesez eta arabieraz. Dantzariek, bitartean, unean uneko konposizio estatikoak eratu dituzte, sikiera haietariko batek urrunerantz begira zezan; une batean, alkandorak erantzita, hondartzetara heldutako jendearen desolazioa helarazi digute eta aldian behin zentrora hurbildu dira guztiak, talde sentsazioaren edo elkarren babesaren bila.

Gursen bezala, bikain elkartu dira artea eta gizakiekiko engaiamendua, eta esan beharra dago, Basoa Gursen bertan eman duela Dantzaz konpainiak, Loraldian estreinakoz aurkeztu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.