KRITIKA. Performancea

Gure ni ezkutuak

Agus Perez.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun

'Stereo'

Ideia: Miren Gaztañaga. Zuzendaritza: Ainhoa Jauregi, Miren Gaztañaga. Musika: Zaldiak (Ibon Agirre, Hannot Mintegia). Testuak: Eduardo Galeano, Amelie Nothomb. Irudiaren analisia, tratamendua eta argazkiak: Ainhoa Resano. Argien diseinua: Oier Ituarte, Adrian Hernandez. Antzezlea: Miren Gaztañaga. Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: Otsailak 27.

Hamar urteko atzerapenarekin ekiten diot testu hau idazteari, 2009an ikusi nuelako Stereo, BAD jaialdian estreinatu zenean. Hurrengo urtean ere errepikatu nuen Aulestiko ADEL jardunaldietan, baina ez lehenengoan ez bigarrenean ez nintzen gai sentitu ganoraz deskodetzeko Miren Gaztañagaren proposamen leherkor, ezinago ausart eta artegagarri hau. Eta azkenean hemen nago, zorra kitatzen: geldoa naiz, baina fidatzekoa.

Galtzak bete lan dabil Gaztañaga aspaldion Garai zekenak, Macbeth, Heriotza bikoitza…, baina seguruenik honako hau dugu bere lanik pertsonalena. Hala ere, pertsonalismo hutsalaren antipodetan dago, lanaren artifizio falta eta erabateko zintzotasuna direla medio, eta baita ere ikusleongan auzi sakonak planteatzeko duen gaitasun indartsuagatik. Esandako kontuak eta beste asko ederto jasota geratu ziren EHAZEk 2017an argitaratu zuen liburuan, eta aitortzen dut testu haiek editatzean aurkitu nituela lan hau interpretatzeko falta zitzaizkidan gakoak.

Proposamenaren sinopsia irakurrita ekartzen dut hona arlo publikoa eta pribatua joan-etorri etengabean dabiltzala, emanaldian zehar eta ikusleekin izandako hasierako kontaktuan; feminitate eta maskulinitate kontzeptuak auzitan jartzen direla, fundamentuz jarri ere, taula gaineko pertsonaia androginoaren etengabeko eraldaketak direla medio; eta izaki estrainio haren baitan gu bezain estrainioa seguruenik hainbat ni daudela eta samaldaka, baimenik eskatu gabe, kanporatuko direla gu-guztion aurrean.

Sortze-prozesua bera oso berezia izan zen: Gaztañagaren ideiatik abiatuta bere ni-aren mugak eta genero mugak esploratu nahi zituen, Ainhoa Jauregiren laguntza izan zuen zuzendaritza lanetan, eta funtsezkoa suertatu zen Ainhoa Resanok Gaztañagaren irudien gainean egin zuen analisia. Gainera, genero eta irudi kontuetan adituak izan diren hainbat figura hartu ziren inspirazio-iturritzat, eta haien artean Frida Kahlo, Claude Cahun, David Bowie, Esther Ferrer eta beste asko kontsideratu behar dira lan hau bere sakontasun osoan interpretatzeko.

Antzezleak lau pertsonaia azaleratzen ditu denetan: Untxia, Spray arteko neska, Hileoria eta Ralph. Albo bateko apain-mahai batean gauzatu ditu haien arteko trantsizioak, soinu elektroniko ilunak lagun, eta Zaldiak taldearenak dira pertsonaia bakoitzaren lagungarri izan diren bertsio bikainak. Pixies-en Where is my mind izan da lehena, eta gero beste batzuk etorri dira Velvet Underground-en Waiting for my man, Zaldiak-en Kaos Song…, emanaldia ia-ia kontzertu eszenifikatua bihurtuz. Hamar urte darama Stereo hau ibilian, eta beste hainbeste egin ahal ditu eszenatokietan. Azken finean, sortzaileak berak dio interesgarria izan litekeela hogei urte gehiagoko gorputz batekin hau berau interpretatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.