'Zazpi senideko'
Konpainia: Axut!. Zuzendaria: Ander Lipus. Testuak: Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beirie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga, Eñaut Castagnet. Idazkera aholkularia: Igor Elortza. Argiztapena eta eszenografia: Josep Duhau. Musika aholkularia: Asier Ituarte. Bideoa: Eñaut Castagnet. Jantziak: Marodi sorkuntzak. Antzezleak: Manex eta Ximun Fuchs. Lekua: Aulestiko udal aretoa. Eguna: Apirilak 2.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak dio axut interjekzioa erronka edo arbuioa adierazteko erabiltzen dutela Iparraldean, eta Axut! izena hartu du Le Petit Théâtre de Pain konpainiatik sortutako proiektu berri honek, «euskaraz sortu, egin eta eragiteko», haren partaide nagusi diren Fuchs anaien esanetan. Ander Lipusen zuzendaritzapean plazaratu dute beren lehen sorkuntza eta, haien guztien ibilbideari fidel izanik, antzezpenean uneoro gurutzatu dira atzealde sozial eta politikoa eta aktoreen bizipenak, ikusle askorenak ere izan daitezkeenak. Seguruenik, sakoneko konbinazio zintzo horretan datza gurean, ez beste inon, sortu eta garatu den teatro mota honen indarra, eraldatzailea bainoago eratzailea dena. Gurearen eratzailea.
Izenburuak berak dioenez, zazpi senidekoren kontakizunetan oinarritu da emanaldia, eta haietan guztietan nagusitu da anaia, arreba, ahizpa edo nebaren galera. Behin-behineko galera edo behin-betikoa, espetxea dela, istripuzko heriotza dela, gaixotasun terminala dela. Galera azken finean, zerbait, norbait, galtzen dugunean konprenitzen baitugu haren ezean gu ez garela ordura arte izan ginena izango.
Anaiak dira Ximun eta Manex Fuchs, eta horrek ere indar berezia eman dio emanaldiari, baina antzezlan honen indarra hainbat lekutatik etorri da eta haien artean lehen lekua hartu du istorioen benetakotasunak. Ikusle batzuei preso dagoen anaia bikiaren kasua helduko zaie gehien, beste batzuei anaia torturatuak bere bizipena kanporatu ezina… baina emanaldia une paregabez josita etorri da, hala nola anai-arrebak gurasoen kalapitatik ihes eginda armairuan gorde direnekoa edota adimen urriko ahizpak atzerrira doan besteari egin dion eszena erdiragarria.
Horretarako, noski, Fuchs anaien jakituria eszenikoa behar da, emakume zein gizon, ume zein nagusi, libre ibili zein preso egon, zehaztasun ikaragarriz jokatu dituztelako rol guztiak. Bestalde, ikusle aktiboaren esku geratu da apaindura eskematikoa bere kabuz osotzea, istorioen arteko trantsizio arinak izan direlako hurrengo atalean sartzeko pista ia bakarra. Alde horretatik, ezinbestekoak izan dira Josep Duhauren eszenografia elementala, Eñaut Castagneten bideoak Non filmeko zuzendaria da Ximunekin batera, Manexek zuri-beltzean margotu duen emakume-aurpegia eta Ximunek txelo elektrikoan eta gitarran txertaturiko pasarte ia subliminalak. Esandako osagaien artean eraiki den proposamenak bete-betean jaso ditu, soiltasun handiz gainera, gure aroan bizi ditugun gu zapuztuak.