'Hariak'
Koreografo eta zuzendaria: Asier Zabaleta. Eszenografia: PelloArtola. Dantzariak: Natalia de Miguel, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza, Maria Andres, Claudio Rojas. Lekua: Tolosako Topic aretoa. Eguna: Azaroak 26.Multzo batean lagatako panpinen antzera agertu dira dantzariak hasiera batean, argi gorrixka baten pean eta gama bereko praka eta elastikoekin jantzita. Off-eko ahots batek Sobietar Batasuneko azken hiritarraren kontakizunari ekin dionean nahi gabe zentratu naiz haren kalitate orbangabean, tinbre, intonazio eta ahoskerari dagokienez, ezuste atsegina izan delako, batez ere kontuan izanda dantza lan askotan oso gutxi zaintzen direla testu deklamatuak. Arlo beretik irten gabe, beste kontu penagarri bat izaten da pieza askotako testuen ume-kiratsa, balizko sortzaileek beren zilbor-hesteari miresmen gaixotiez begiratzen diotenean. Asier Zabaletak, aldiz, kontrako bidea hartu du heldutasun sanoak ematen duen erabakitasunaz, eta Harkaitz Cano hautatu du testuen idazle, Sarrionandiaren bi poemetako aipu batzuekin batera.
Honezkero irakurle fina konturatua da garrantzi handia eman diedala bai testuen esangurari bai ahotsen kalitateari, baina Asierrek ere hori berori egin nahi izan du lan honetan —bere aurreko obra guztietan ere pisu nabarmena eduki dute testuek eta hitzezko mezuak—, eta oraingoan behintzat uste dut bete-betean asmatu duela. Lasaitu dadila irakurlea, ordea, testuak ez direlako erabili dantzaren balizko makaltasunik estaltzeko. Alderantziz, dantzaren euskarri izan dira, zentzu sakona eman diote eta une oro uxatu dute ihesbide errazak topatzeko tentazioa.
Izan ere, dantza, testuak, musika eta Urko Redondoren panpina handiak —Dejabu Panpin Laborategia— dira lan honetako osagarri ezinbestekoak, eta haietako bakoitzaren rola pisuzkoa izan den arren, lauren arteko elkarlan aberasgarriaz erdietsi du pieza honek bere edertasun betea.
Rock eta techno abstraktutik igarota, hainbat talderen ekarpenak onartu ditu soinu-bandak bere dentsitate poetikoa lortzeko —J. S. Bachen zati abestu bat barne—, batez ere piano lasaiaren eta ahots liriko delikatuen eraginez. Anartean, bost dantzariek gaitasun akrobatiko harrigarria eta apaltasun hunkigarria konbinatu dituzte gazte izatearen naturaltasunarekin: hasierako eszenan kenduta, zehaztasun osoz burutu dituzte zailtasun handiko ariketa dantzatuak, eta bikaintasunera heldu dira panpina handien maneiuan ere, 2016ren harira Altzoko Haundia-n izandako maila lotsagarria atzean, oso atzean, utzita.
Ahotsez etorri diren istorioak askotarikoak izan dira eta guztietan nagusitu dira gizatasuna eta oraingo munduarekiko interesa. Eskertzekoa da, benetan, hutsaltasunaren aldeko beste askoren ahaleginak jasan ostean, Bilbon orain gutxi izandako La Veronal konpainiarena kasu. Esan bezala, koreografoak maisuki elkartu ditu dantzariak eta panpinak, eta emanaldiak utzitako irudi bikainen artean hiruzpalau hautatuko ditugu oroimenerako: hasieran izandako bi gizonen arteko duo kementsua, bi emakume uhal luzeei lotuta elkarren txotxongilo izan direnekoa, itzal txinatarren bidez dantzariek eta panpinek itxura bera hartu dutenekoa eta, nola ez, aita galdu duen mutikoaren istorioa, haren panpina ia benetakoa egin zaigulako, kontrastean neska baten solo bizia burutzen zen bitartean.