Literatura. '612 EURO'

Gure auzoan

Iratxe Esnaola.
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Egilea: Jon Arretxe.

Argitaletxea: Erein.

Jon Arretxe idazle joriak iaz eta aurten, hurrenez hurren, aurkeztu dizkigun bi lanak dira 19 Kamera eta 612 euro eleberriak. Bilboko San Frantzisko auzoan kokatutako detektibe sagaren lehen bi aleez ari naiz. Pertsonaia erdigunean kokatzen duen narrazio moldea da, narratzaileak hura baitu abagune eta erreferente, tramaren sofistikazio eta korapiloak baino gehiago. Toure da saga sostengatzen duen eta lehenengo pertsonan mintzo zaigun burkinafasoar etorkina, bizibidea ateratzeko igarle edo azti faltsuaren paperean sartua aurkitzen duguna. Lehen narrazioan (19 Kamera) genero indarkeria muturrekoenaren biktima bat da kasuaren ardatz, prostituta beltz baten desagertze eta erailketak piztuko baitu ikerketa. Bigarren kasuan, kokaina pakete baten lapurreta eta kargupean hartu behar duen ume bat izango dira ardatzak. Halakoetan gertatu ohi den legez, bigarren atalera salto egiteko hobe du irakurle balizkoak aurrenekoa ere leitu, lehenengo ataleko osagai eta pertsonaiak txertatzen baitira beldur eta esplikazio handirik gabe.

Irakurketa ostean hirutan banatu zait gogoa: testuingurua, trama, pertsonaia. Ezbairik gabe, interesgarriena San Frantzisko auzoaz egiten den erretratua da. Kaleen ikuspegia bertatik bertara auzoa bizi duen narratzaileak emana, non arraza-taldeek osatzen duten argazkia, hots, latinoek, magrebtarrek, Afrika beltzekoek, ijitoek, errumaniarrek, bertako zuriek. Auzoaren ghetto izaera behin eta berriz nabarmentzen da, Bilbo Zuriaren eta Afrika Txikiaren arteko bereizketa egitera iritsiz. Bilbo beti da bestea. Baina ez dira horiek bereizitako bakarrak, jardunak auzoan generoen arabera banaturik daudela ikusi ahalko baitugu, gizonak negozioetan daudela, emakumeak puta edo ama lanetan. Bai pertsonaia eta bai auzoa Bilbok begiak ixten dizkionari orriak zabaltzeko modua da. Auzoko hainbat gertakizun, nola eraso arrazistak egiten dituen talde gutxi gorabehera antolatua, hala meskita bat irekitzearen aurka altxatutakoak, egunerokotik atereak dira —nahiz ez diren aipatu Bilboko Udalak aplikatutako hiri ordenantzak kale prostituzioarentzat zein bezeriarentzat oztopagarri izan direnak—. Bizirik irauteko beharra da eguneroko ogia, eta hala dakusagu Toure pertsonaiari esker, ez alferrik hautatu baita gizon beltz langabea, zeinak jatorriko familia urrun duen eta patera etxe batean bizi den.

Pertsonaia 19 Kamera-n nahi gabe eta estropezuz iristen da ikertzaile lanetara, eta 612 Euro-n detektibe hasi berriaren figura ber hartzen da, baina ikertzaile baldar eta irri sortzaileagoa marraztuz, lehen esperientzia halabeharrezkoak ekarri egoera luzatuz. Toure ezaugarritzen du peskizetan akatsak egiteak, bere xalotasunaren ondorioz gaizki ulertuak sortzeak. Detektibe figuraren parodia egitea, ordea, ez da aski tramaren erdipurdikoa justifikatzeko. Izan ere, trama edo ikerketa dute behaztopa nagusi lanek. Pertsonaiari errazegi jartzen zaizkio gauzak. Zailtasunen bat agertu orduko otuko zaio konponbidea. Ez bihurgunerik, ez xerka aldrebesik dena aurreikusten duen irakurlearentzat. Giroa sortzea da eleberri baten oroitza luzaro mantentzeko modu bat. Auzo bat taupadaka topatu dut, baiki, pertsonaia errekonozigarria ere bai, baina ikerketa ahula. Auzo erretratuarekin geratzen naiz. Hemen topatu ditut poliziaren ustelkeria eta hiritar hainbaten axola gabezia, zuzenean arrazakeria eta xenofobia ez badira. Hemen bideo kamerak, zeintzuek estrategia literario izatez gain —begi bat, ikuspuntu bat—, kontrol zelatariaren lekuko diren. Hemen, batez ere, zaurgarri eta borrokalari, hainbat etorkinen egoera ezagutzeko modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.