'La hija'
Zuzendaria: Manuel Martin Cuenca. Aktoreak: Javier Gutierrez, Patricia Lopez Arnaiz, Irene Virguez. Herrialdea: Espainia. Iraupena:122 minutu.
Manuel Martin Cuencak zirrara eragiten duen filma pantailaratu du oraingoan ere. Giro tenkatu eta itogarriak garatzeko gaitasuna duen zuzendaria dugu, aurretiaz dagoeneko erakutsi duen bezala. Oraingoan, Jaengo mendi aldera eramango gaitu. Bertan, istorio krudel bezain mamitsua landatuko du; eta hasiko da hazia ernatzen, suspense hazkorrean, zuzenki, etengabe, goraka doan ezinegon etsigarrian.
Zuzendariak milimetrikoki neurtuko ditu argazkia, planoak eta kamera mugimenduak, aldiro zerbait esateko asmoz; hala, guztiak du zentzua eta zergatia. Errefentziak ere irakur daitezke, westernetik hasi, eta Hitchcocken Psycho-ra, amaieran Beatrix Kiddo suerteko bat ernatzeko. Haizeak gogor bihurtzen duelako bat Jaengo mendilerroan, harkaitzez jositako orografia malkartsuan. Oztopoak balira bezala, hor daude hesiak eta etxe bat. Eta bertan, Javier eta Adela, isolaturik. Bitartean, krudeltasuna ikusiko dugu arku ezin dramatikoago batean. Haizeak, uluka, arriskuaz ohartarazi nahi izango gaitu, beranduegi akaso.
Filmak amatasun subrogatuaren auzia mahaigaineratuko du. Nor da ama? Nahi duena, ala ahal duena? Biologia, baliabide ekonomikoak edo maitasuna, zer da erabakigarriena? Jaiotza tasaren jaitsiera, migrazioa, gazteriaren prekarizazioa, amatasunaren berandutzea... Ugariak izango dira hausnartzeko gaiak filma ikusi ostean.
Aktoreen lanari dagokionez, sinesgarritasuna eskertuko zaie, sotila, gatazkatsua eta zalantzatia izango baita. Apartekoa, batez ere, Javier Gutierrez eta Patricia Lopez Arnaizen zirkuitulaburra, gizatasun matxuratuan.
Zuzendariak lan txukuna aurkeztu du, indarkeriaren alde desberdinak dado batean marraztuz, biziraute jokaldi krudel honetan. Salbatzeko gaitasuna patuak soilik izango balu bezala.
Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA
Gurasotasunaren biolentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu