Literatura. 'Herriak ez du barkatuko'

Gudu-zelaia zabaltzen duen liburua

Idazlea: Irati Goikoetxea. Argitaletxea: Elkar.

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Irati Goikoetxeak, Andraizea lanaren ondoren, Igartza saria jasota osatu du Herriak ez du barkatuko eleberria. Anaia Ekaitzek Isaias Carrascoren hilketa gaitzesteko kantatu zuen bertso batek eta aitari bideratutako eskaintzak hasten dute eleberria. Liburua ixteko, Huntza taldearen aipu batek gizartearen ertzen aldarrikapena egiten du, gizartean izan den bazterkeriari aipamena eginez. Horrek egiten du pixka bat liburua introspektibo, ez zentzu psikologikoan, baizik eta sozialean; errebisio lana egiteko balio baitu, euskal gizartearen barruan.

Nobelaren hasierako orrialdeetan bi espazio-denbora ikusten ditugu txandakatuta: batetik, plano garaikidean, ama batek alabarekin dituen elkarrizketak ditugu; eta, bestetik, elkarrizketa horien kariaz, emakumearen oroitzapenek bideratzen duten urte batzuk lehenagoko aitaren hilketa. Horrela, eleberriak aurrera egin ahala, orainaldiko eremua gailentzen joango da, biktimari eta haren sentimenduei lekua eginez. Biktimak dioenez, «gure mina gizartearena ere bada». Eleberriak aurrera egin ahala, memoriari tiraka eta ingurukoekin mina konpartituz iraganeko zauriak ixten joango da biktima, erresilientziaren erakusgarri.

Irudipena izan dut idazleak, pertsonaia sortzeko ariketa introspektibo horretan, zer kontatuaren kantitateari neurria hartzeko arazoak izan dituela. Narratzaile orojakilearen estiloan idatzia dago testua, eta, nire ustez, irakurleari gehiegi kontatzen dio narratzaileak, pertsonaiak zer pentsatu zuen, horrek nola sentiarazi zuen eta zein ondorio ekarri zituen eta abar, eta abar. Gidatuxea egiten du irakurketa. Era berean, zenbait ideiatan narratzailea pausatu eta horiek garatzea eskertuko luke testuak, eta loturetan sakontzea, pentsakizun batzuen eta besteen artean.

Bestalde, liburuaren punturik positiboena enpatia-ariketan dagoela dio Elkarrek kontrazalerako prestatu duen testuan. Eta arrazoi du. Are, idazleak berak ere testua bera enpatia lantzeko bide gisa begitantzen duelako irudipena gailentzen da irakurketan; zenbait pasartetan, idazlearen bikote fikzional gisa balio dezakeen protagonistak institutuan duen lanean biolentzia lantzeko tailerrak garatzen dituenean, liburu honen antzeko materialen falta sumatzen duela iradokitzen baita. Esan dugunez, badirudi nobelak eredu izan nahi duela euskal gizartearentzat, gatazkaren konponbiderako zenbait urrats markatuz.

Hainbat gai tratatzen dira biktimari ahotsa ematean: bakardadea, mina, gorrotoa, memoria, bazterketa..., eta idazlearen eskuak balioztatzen du gai horiek beste une eta egoera batzuetara estrapolatzea, gizakiaren izatearen inguruko hausnarketa orokorrak eskaintzen baititu Goikoetxeak. Eta, era berean, oso gai zehatza lantzen du, euskaldun oro era batera edo bestera ukitzen duena, eta, liburua irakurrita, inor epel utziko ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.