'Metamorfosia'

Gu, erlijiorik gabeko kakalardoak

Egilea: Franz Kafka. Itzultzailea: Anton Garikano. Argitaletxea: Erein.

Alex Gurrutxaga Muxika.
2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ovidiok idatzitakoez geroztikako metamorfosi ezagunena Franz Kafkarena (1883-1924) da. 1915ean argitaratu zuen Pragako idazleak Metamorfosia, alemanez, gainerako bere obra bezala, eta hirugarren aldia da narrazio hau euskarara itzultzen dutena: Xabier Kintanak egin zuen 1970ean, Rufino Iraolak 2000. urtean, eta Anton Garikanoren itzulpena da Ereinek argitaratu berri duena.

Ovidioren istorioetan metamorfosia amaieran gertatzen zen maiz, eta batzuetan moralari edo pentsamenduari loturiko itxiera ematen zuen. Kafkaren kasuan alderantziz gertatzen da: metamorfosia hasieran gertatzen da. Batetik, istorioa fantastikoa da, pertsona zomorro bihurtzea ezinezkoa izanik, Kafkaren fikzioak ez baitauka errealitatea imitatzeko asmorik. Bestetik, ordea, metamorfosi hori gizarteaz eta giza-kondizioaz mintzatzeko aitzakia da orriek aurrera egin ahala, eta, beraz, aldi berean errealismoari lotzen zaio egilea. Neurri batean, Mary Shelleyren Frankenstein-ekin bezala gertatzen da, zeinetan munstroaren sorrera fantastikoa pertsonaren eta jendartearen irudikapen konplexua egiteko bitartekoa bihurtzen den.

Kafkak egiten duen erretratuaren erdigunea familia eta norbanakoa dira, Gregor Samsa eta bere familia —narratzaileak kanpotik begiratzen die, Gregorri salbu, harengan sartzen baita—, eta argazki horren tonua iluna da oro har. «Kantziler eta bulegoen mundua, gela ilun, higatu eta hezeena, Kafkaren mundua da», idatzi zuen Walter Benjaminek. Hain justu, etxea da Metamorfosia-ko espazio nagusia, eta han ikusten dugu familiaren bizimodua; III. ataleko hitz hauekin laburbildu daiteke, haien bizitza ez ezik, Kafkaren begirada ere: «erabateko etsipena [zeukan familiak], eta senide eta ezagun bakar bati ez bezalako zoritxarra egokitu izanaren pentsamendua. Azken muturreraino betetzen zuten munduak jende pobreari eskatzen diona».

Gerra Handia bizitzen ari zen Europa, eta armek ateratako burrundarak laster estali zituen mende hasierako itxaropen eta aurrerapenaren hotsak. Kafkaren pertsonaiek bakardadea eta angustia, etsipena eta beldurra gorpuzten dituzte. Komunikazioak ezinezkoa ematen du euren artean: alde horretatik, absurdoaren aitzindaria dugu Kafka. Azkenean, istorioaren bukaera ezin beltzagoa da Gregorrentzat; familiak, berriz, zabalik dauka ate bat «amets berriak eta asmo onak» gauza daitezen.

Kafkaren errealismoa markatua den neurri berean da bere idazkera soila. Pragako taldekoen estilo hanpatutik urrun, zuzena eta lehorra da, eta idazkera horrek istorioaren gordintasuna areagotzen du, efektu hotz eta lakarra sortuz.

XX. mendean, Kafkaren harreran zeresan handia eduki dute J. L. Borges maisuak txekiarrari egindako laudorioek. Edonola ere, ezin uka haren literatura ikaragarria denik. Zentzu onean, indartsua delako; baina baita zentzu tragikoan ere, mende baten ondoren, ematen baitu Europaren eta europarren inguruko erretratu kafkiar desasosegatzaileak ez duela egiatik zeukana galdu. «Kafka ere parabola egile bat zen —esan zuen W. Benjaminek—, baina ez zen erlijio sortzaile bat». Parabola iluna da Metamorfosia, kakalardoa pertsonifikatuz, piztiatik daukaguna errukirik gabe aurpegiratzen diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.