Sherwood Anderson idazle estatubatuarraren Winesburg, Ohio obra dugu EIZIEk, Ereinek eta Igelak elkarlanean argitaratu duten Literatura Unibertsala bildumako azken obra. Eta esaten den bezala: last but not least, alegia, azkena bai, baina, beste guztiak bezain garrantzitsua bildumarako. Joannes Jauregik euskaratutako nobela itxurako ipuin-liburuak (edo ipuin-liburu itxurako nobelak, nondik begiratzen zaion), landa-eremuko herrixka batera garamatza, Clyde herrian oinarritutako fikziozko batera, eta, pertsonaiaz pertsonaia, baserri-paisaia horren argazkia osatzen digu.
Andersonen lana hainbat alderditatik iruditu zait interesgarria:batetik, genero literario bezala, erronka bat delako literatur sistema osoarentzat. Askok nobela bezala definitu dute; beste hainbatek, ordea, ipuin-liburu bezala. Izan ere, bi aldeek dute arrazoia, obrak bateko eta besteko ezaugarriak baititu: begiratu huts-hutsean irakurleak 22 kontakizun buruaski aurkituko ditu konposizioan, hortaz, fisikoki ipuin-liburuaren itxurako lana da. Irakurtzerakoan, ostera, aise ohartuko gara euren artean lotuta daudela guzti-guztiak, eta Winesburg bera da lotura figura nagusia. Badira, hala ere, lotura sendoagoa eraikitzeko balio dituzten hariak; esate baterako, George Willard pertsonaia, idazlearen beraren alter egoa izan daitekeena, hain zuzen. Guztiek ere, independenteak izan arren, ipuinek eraikitzen duten unitate literarioa baino askoz zabalagoa den unibertsora garamatzate, nobelatik oso hurbilekora, bain, azken horien lausotasunera iritsi gabe. Ez bata, ez bestea, baina biak aldi berean, alegia, tradizio anglosaxoian short story cycle deritzotena.
Bestetik, errepertorioari ez ezik, literaturaren poetikei ere egiten die argi obrak; literatura ulertzeko eta sortzeko modu bat dakar, ikuspuntu zehatz bat, eta asko estimatu dudan alderdia izan da hori. Goian aipatu dudanez, 22 kontakizun daude guztira, bada, hobeto legoke esatea 21 eta erdi direla osotara, euretako bat, lehenengoa, fikzionalizatutako poetika bat baita. Bertan biltzen da idazleak obran zehar darabilen ikuspuntuaren azalpena eta asmoen adierazpena (justifikazio moduan edo?), ipuinaren izenburuak iragartzen duenez, Groteskoen liburua baita Winesburg, Ohio. Ez ditu pertsonaien bizitzak diren-direnean ekartzen, ez dira erretratu errealistak, desitxuratuak baizik, sarritan irrigarriak, beste hainbatetan are absurdoak ere. Iruditu zait lehen ipuinak baduela indarrik teorikoki, eta idazleak, gainera, jakin duela begirada grotesko hori praktikara eramaten.
Azkenik, espero ez nuen sentsibilitatea aurkitu dut autorearen hitzetan, sentsibilitatea ez gaiak tratatzeko moduan, ezpada xehetasunetan begia jarri eta horiek testuratzeko duen trebetasunean. Espero ez nuena, baina asko gustatu zaidana, aldi berean. Pertsonaiak ere hala hezurmamitu ditu: euren baitara bilduta, baina, sakontasun psikologiko handiarekin eta ertzez beteta. Ertzak direlako protagonista nagusiak obran, xehetasunak eta pertsonaiak, ertzak direlako ipuinak, eta guztiek ere Winesburgeko paisaia poliedrikoa osatzen dute.
'Winesburg, Ohio'
Groteskoen (ipuin) liburua
Idazlea: Sherwood Anderson. Itzultzailea: Joannes Jauregi. Argitaletxea: Igela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu