Koronabirusari aurre egiteko Frantziako Gobernuak zuzenekoei jarritako murrizketek hegoaldera begira jarri zuten hirukotea. Garai berrietara formatu semi-akustikoarekin egokitu ziren, laugarren partaide bat gehituta: Vincent Bestaven Botibol, gitarra eta koruetan. Hark kantuei eman dien tratamenduak eta formatuak berak beste bizitza bat eman diete kantuoi. Miarritzeko Atabalen grabatua, lan honek daukan profesionaltasunak berehala ematen du atentzioa. 1990eko hamarkadan hain famatu egin ziren MTV Unplugged emanaldiak ekartzen ditu gogora, hain zuzen ere, erakusten duen soinu eta exekuzio kalitateagatik.
Hemen Felix Buffen atabalei meritu handia aitortu behar zaie: batetik, metronomo baten zehaztasunarekin markatzen duelako; eta, bestetik, erritmoaz gain tinbalei eta kaxari ematen dien jario amaiezin eta eleganteagatik. Xan Bidegain, halabeharrez eserita baina oholtzaren jaun eta jabe; eta Jurgi Ekiza, berriz, oso kontzentratuta baina gero eta gorago, eta beti bezain fin mikrofonoan. Baliteke formatuagatik ahotsa oraindik ere gehiago nabarmentzea, soinu orokorra garbiagoa delako eta ñabardura guztiak ezin hobeki bereizten direlako. Botibolen ekarpena azpimarratu behar dugu derrigor, gitarra, teklatua eta ahotsarekin landutako atmosfera eta sentsazioek era nabarmenean beztitu zituelako zuzeneko hauek.
Errepertorio erdia Zugzwang diskokoa da grabazio honetan, eta horri azken kantua (Nahi eta nahi ez) gehitu behar zaio. A ala B laneko bi kanta jo zituzten, eta beste diskoetatik bakarra, bigarrenetik izan ezik, zeinetatik bakar bat ere ez baitzuten jo. Mikel Laboaren Gaztetasuna eta zahartasuna (2010ean Bidehuts diskoetxeak argitaratutako omenaldi diskokoa) ere sartu zuten; beraz, oraindik leku gutxiago beste diskoentzat. Kontzertuak aurrera egin ahala, ikusten da nola pixkanaka giroa berotuz doan, eta hori A ala B kantu klasikoan nabarmentzen da. Ur gainean-en ere nabaritzen da publikoaren parte hartzea.
Lau ahotsetan eginiko koruek momentu asko gogoangarri bihurtu zituzten. Noiz da gero?-ren zehaztasunak ez zuen kantuaren indar geldiezina zapuztu. Maisutasun traza gehiago: Behin baziren eta bere errepika zein aurre-errepika, Oraintxe bertan-en crescendo-a, Joan ikustera-ren moldaketa gutxien-gutxienez harrigarria (Botibolen gitarra solo zorrotz hori!)... eta azken txanpan Lehentasuna, lelo eraginkor eta tentsiodunarekin. Eta, gorenean, Ilegala ahaztezinaren bultzada geldigaitza. Ugaon ikusi genuen kontzertuan bat gehiago ere jo zuten (Komedia), eta ez dakigu Miarritzen ere jo zuten, baina diskoan behintzat ez da ageri. Honela, taldearen zuzeneko hirugarren disko hau bereziena ere bada, eta jakintsuena dela ere esango genuke.
Willis Drummond 'Garai bereziendako kontzertu berezia'
'Groove'-aren freskotasuna
Diskoetxea: Tabula Rasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu