HAUR ETA GAZTE LITERATURA. Grigor eta erlea

Grigorren bilduma

Idazlea: Juan Kruz Igerabide. Ilustratzailea: Concetta Probanza. Argitaletxea: Alberdania

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Lagun, hementxe duzu eskura «ezinbesteko irakurketa» deitzen diren obra horietako bat.

Argitalpen berria da, baina ez sorkuntza berria, eta, ziurrenera, ezagutuko zenituen Grigorren abenturak, baina, agian, ahaztuxea daukazu, —nik bezala— eta memoria freskatuko dizut.

Grigorren abenturak banaka kaleratu ziren duela bi hamarkada, bakoitza bere tituluarekin, obra buruaskiak balira bezala, baina Kalamatxin saileko azpi-sail bat osatuaz Grigor eta erlearen ipuinak zeritzona: Egunez parke batean (1993), Gauez zoo batean (1994), Denboraldi bat ospitalean (1995), Oporraldi bat baserrian (1996), Maisu berria (2000).

Orain, lehenengo lau ipuinak batean argitaratu dituzte (Maisu berria zergatik ez?), edizio zuzenduan eta ilustratzaile desberdin baten ekarpenekin. Testuan egindako aldaketek ez dute mamia eraldatzen, baina garai bateko eta oraingo testuak erkatzen badira, berrikusia izan dela ohartzen gara. Orrialdez orrialde topatzen dira hitz aldatuak, esaldi berridatziak, baita hiketatik zuketarako erregistro aldaketak ere. Funtsean, gizartean bizi izan ditugun aldaketek bultzatutako estetika kontuak dira —hala ulertzen ditut pasarte batzuen gordintasun maila apaltzeko saiakerak—, baina baita gure euskarak bizi duen eboluzioarekin zerikusia duten kontuak ere, nik uste.

Lau ipuin buru-aske direla aipatu dut, eta orain gaineratuko dut mami, pisu eta are tonu oso desberdineko lanak direla.

Lehen abenturan (Egunez parke batean), sei urteko Grigor xalo bat aurkezten zaigu, errealitatearen eta fantasiaren arteko bereizketa egiten ez duena, eta erle baten lagun min egiten dena. Irakurlea ere halakoxea eskatzen du, fantasia erabatekoan murgiltzeko arazorik ez duena, une batzuetan zapaburuek edota txantxangorriak helduekin ere hizketan aritzen baitira, Grigorren irudimena izan zitekeena gaindituta. Osagai guztien konbinazioan fantasiarako bidaia literario bikaina eraikitzen da, nire ustez.

Bigarren abenturan (Gauez zoo batean), istripu baten ondorioz eldarnio-amets mundu batean dagoen Grigor batekin topo egiten dugu. Zoo batean kokatuta dagoenez, pertsona bakarra Grigor da, eta erlea ez da agertzen. Interakzio soziala da gai nagusia, jolasa, min ematea eta jasotzea, zigorra, eta halako kontuez. Irakurleari esperientzia bitalak bere haragitan sentitzeko aukera ematen dio, eraginkorki, literaturaren bidez.

Hirugarren abentura (Denboraldi bat ospitalean) trantsizioko pasarte bat izango litzateke nobela batean txertatuta balego: adiskidetasun berri baten ernetzea erakusten digu, abentura xume batzuekin jantzita, baina ez du aurreko biek erakusten duten indarra irakurlearen barrenak astintzeko.

Laugarrena (Oporraldi bat baserrian), are xumeagoa da, beste adiskide berri bat dakarrena taldera, baina ekarpen gutxiko anekdotez eramana, abenturaren epilogoa balitz bezala.

Esan gabe doa ofizio handiko piezak direla lau ipuinak eta, beraz, bikaintasun testuinguru batean ulertu behar direla hausnarketa hauek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.