'Tito Andronico'
Konpainia: Teatro del Noctambulo. Egilea: William Shakespeare. Bertsioa: Nando Lopez. Zuzendaritza: Antonio Castro Guijosa. Musika: Antoni M. March. Jantziak: Rafael Garrigos. Argiak: Carlos Cremades. Eszenografia: Juan Sebastian Dominguez. Lekua: Nafarroako errege-erreginen gaztelua (Erriberri).Eguna: Uztailak 29.Shakespeareren lehen tragedia izan zen The Lamentable Tragedy of Titus Andronicus—aditu batzuek haren egiletza zalantzan jartzen dute—, eta, zalantzarik gabe, bere obrarik odoltsuena da.
Andronicus jenerala Erromara itzuli da garaile, Tamora godoen erregina eta haren semeak esklabo hartuta, eta, ohitura zenez, seme nagusia exekutatzen du gudan hildako legionarioen omenez. Horrek ezinbestean piztuko du erregina garaituaren mendeku gosea, eta, hortik aurrera, tragedia dugu nagusi. Andronicusek enperadore izateko borrokatik urrun egon nahi du, baina patuak lehiaren erdi-erdian kokatuko du, eta, behin zurrunbiloan sartuta, gero eta krimen gehiago eta gero eta larriagoak ikusiko ditu ikusleak.
Seguruenik, Shakespeareri obra honen egiletza ukatzen dioten adituek kontuan hartzen dituzte haren xede argirik eza—mendeku posible guztiak gauzatzea ez bada, behintzat— eta krudelkeria krudelkeriagatik erakustea. Baina, aldi berean, obra hau gero etorriko ziren tragedia nagusien laborategia baino ez zen izan —Macbeth, Lear erregea...—, eta, gainera, argi dago egilearengan hain kuttunak diren elementu batzuk agertzen dituela, hala nola leize misteriotsuak, basoak eta haietan bizi diren oreinak zein elefanteak, eta geroan hobeto garatuko zituen fantasiazkoak izakiak, Tamorak eta bere semeek mendekuaren jainkosa eta bere zerbitzariak irudikatzen dituen pasartean bezala.
Ordea, Teatro del Noctambulok Erriberriko jaialdira ekarri duen bi ordu eta erdiko emanaldian ez dugu jakin zerekin geratu. Hasteko eta behin, gutxitan antzeztutako tragedia hau aukeratu dute. Zergatik ote? Klasiko atipiko bat berreskuratzearren? Ikusle saturatuei emozio berriak eskaintzearren? Polemika sortzearren? Batek daki.
Alde formalei begira, kalitate zinematografikoko musikan bilduta etorri dira eszenak, baina emanaldiak gabezia batzuk izan ditu ekarpen estetikorik gabeko eremu eszenikoan eta jantzien diseinu kaotikoan, non Andronicusek Napoleonen garaiko beroki luzea jantzi duen eta enperadorea filmetako proxeneta baten itxurarekin agertu zaigun, beste desarrazoi batzuen artean.
Bestetik, Nando Lopezen bertsioan zenbait umore ukitu txertatu dira han-hemenka tragediaren erdian, zein asmorekin tartekatu ote diren ez dakigula, eta antzezpenei begira, Jose Vicente Moironi esker salbatu da gaualdia, beste guztiak haren atzean —edo oso atzean— ibili direlako. Gauzak horrela, bortxaketa bikoitz baten berri izan dugu, lauzpabost buru moztu dituzte, hiru esku eta mingain bat ere ebaki dira, eskuak galdu dituztenak herren geratu dira zehar-kalte baten ondorioz edo, beste asko pistolaz, aiztoz edo ezpataz zendu dira, eta godoen erreginak bere bi semeen haragia jan du pastel delizios batean. Garai batean Parisko Pigalle auzoan Grand Guignol delako antzokia zegoen, horroreari eskainitako emanaldiak programatzen, eta nire alboko ikusleak zera komentatu du antzezlana amaitu ostean: «Badirudi jendeari makabrokeriak gustatzen zaizkiola!».