Olatz Zugasti 'Hitzño bat erran eta, banua berehala'

Goxotasuna, magia, arbasoen sua

Diskoetxea: Kantaita Enea.

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Aurreko disko guztiek bezala, lan honek ere unibertso aberats eta misteriotsua dakar berarekin. Gure herriaren historiaren parte diren klabeak (bai musikalki zein tematikoki) landu ohi ditu Zugastik, betiere bere soinu pertsonala eta bide propioa jorratzeari utzi gabe. Kantutegi zaharrean topatzen dituen altxorrak bere estilora ekartzen ditu, beraz; baina hori bere errepertorioko zati bat bakarrik da, Zugasti bera baita kantu gehienen konpositorea zein hitzen egilea. Horrez gain, bere independentzian eta autonomian etengabeko aurrerapausoak eman ditu 1991n lehen diskoa atera zuenetik. Kantaita Enearen sorrerak bai bere zein Benito Lertxundiren lanak argitaratzeko aukera eman dietenez, Zugastiren azken bi diskoen independentzia oraindik ere nabarmenagoa da.

Irlandar (Alan Griffin, Brendan Graham) eta zelta (Alan Stivell) musikaren eragina nabarmena izan da bere ibilbidean. Derrigor, harparen erabilerak berezi egiten ditu bere kantuak eta disko guztien soinua. Nolabaiteko klasikotasun horrek gaurkotutako eskemak hartzen ditu bere baitan, ordea. Egia da estudioko azken bi lanetan harparen presentzia gutxitu dela, baina atmosfera guztiz pertsonalek eta atenporalek nagusi izaten jarraitzen dute bere kantuetan. Ganbaratik kantuarekin hasten denetik, argi geratzen da Gratxina Lertxundiren presentzia gero eta nabarmenagoa, baita bi ahotsetan kantatutako kanten kopurua ere.

Brendan Graham aipatu dugunez Muga gabeko hondartzara ezin hobeto datorkigu Europa iparraldeko eragin horiek azaltzeko. Zugastik euskaratu eta moldatu duen bertsioaren naturaltasuna begi bistakoa da, ia bere egiten baitu hasieratik bukaeraraino. Izarraitz magalean kantuan Zugastik bere ahotsaren samurtasuna eta erabiltzen duen tonu hain berezia agerian uzten ditu. Bai honek bai beste batzuek ere bateriaren presentzia daukate. Estudioko azken bi lanetan dago presentzia hori —lehen diskotik egiten ez zuena—, baina osagai bat gehiago da, lehen lerroan ez dagoena, nahiz eta akaso deigarria ere suertatu daitekeen.

Lohitzunean barna bere errepertorioko onenen artean sartu beharrean gaude: sentibera, tonu xarmagarrizko bi ahotsetan egina, delicatessen hutsa. Ahotsen jokoak bere boterea erakusten jarraitzen du Badakizu edota Oihartzun egiten zigun kantuetan, besteak beste. Mairu baratzetan besta gailur bat dugu, hau bai bateriak markatutako erritmo bizikoa eta betikotasun transferiezin magikoa daukana. Beste hainbeste esan genezake Oi Amaiur zoragarriaren kalitate eta hilezkortasunaz.

Zuhainik gorena Resurrecion Maria Azkuek 1922an Zuberoan bildu zuen Oihaneko zühainetan kantuaren bertsioa da, nahiz eta Zugastik bere nortasuna txertatu dion. Diskoaren amaiera Mendian zoinen eder elizkoi eta iradokitzaileak dakar, berriz ere Gratxina Lertxundiren biko benetan hunkigarria osatzen duena. Lan honen bertuteak pixkanaka dastatzekoak dira, baina disko onenekin gertatzen den moduan, bere kalitateak hilezkor bihurtuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.