'Arriya'
Gidoilari eta zuzendaria: Alberto Gorritiberea. Aktoreak: Iban Garate, Sara Casasnovas, Begoña Maestre, Ramon Agirre, Egoitz Lasa.
Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 100 minutu.
Izenik ez duen herri txiki bat. Mugalde lanbrotsu batean dagoena, hiru hizkuntzatan bizi dena, bere buruaz oso harro dagoena, bizitza eta jokoa ongi bereizten ez dakiena, kanpokoari beti kanpokoa dela gogoraraziko diona, lurrari lotuta bizi dena. Horixe da Arriya-k aurkezten digun kartografia antropologikoa, sentimenduen mapan erraz aski identifikatzen ahal den lurralde mingarria.
Maitasunez bai, baina konplexurik gabe luzatu dio begirada Alberto Gorritibereak inguruari, beltzetik gertu dagoen gris eta arre koloreko erretratu kolektibo baten bitartez. Nolabaiteko exorzismoa behar duen herri baten erradiografia zinematografiko interesgarria.
Euskal tradizioaren oinarrizko zutabeetako batzuk biltzen ditu herri txikiak, eta horiek erakutsiko zaizkigu hasiera-hasieratik: dantza, ehiza, jokoa, kristautasuna, mugalariak, festak, musa.... Baina tradizioak talde identitatea sortzen laguntzen ahal duen moduan, gizabanakoen bideak egiteko izugarrizko traba, tranpa, bihurtzen ahal da. Gainetik kendu ezinezko zama.
Horregatik, bi harri. Bata, herriko plazan, mando (txatxu) batek eta zaldiak batetik bestera eraman behar dutena, etengabeko jirabiran. Bestea, errekaren ondoan, errotaren azpian. Libre bizi nahi duen urak bere bidean mugituko duena. Geldirik egon behar ez duen harria.
Maitasunaren atzaparretan gatibu, ataka zailean daude Arriya-ko protagonistak. Pisua gainetik kendu eta hegan egin nahi dute, nahiz eta jakin horrek sorlekutik aldentzea dakarrela. Gainerako pertsonaia gehienak, ordea, eroso eta seguru sentituko dira egoera horretan, esaten zaiena egin, gu sortu ginen enbor beretik...
Batzuen eta besteen arteko orekaren bila mugituko da Arriya, baina azkenean, errespetuz eta maitasunez, tradizioaren zama gehiegizkoa duten gazte horien alde egiten bukatuko du Gorritibereak.
Soziologikoki zein zinematografikoki, apustu ausarta egin du zuzendariak. Zenbaitetan istorioak foiletoian erortzeko arriskua badu ere, elementu sinbolikoen bitartez hori saihestu eta espazioaren eta denboraren muga logikoak hautsita, garai bateko Atxagarengana hurbilduko da. Eta Agusti Villarongak berriki bere Pa Negre-n egin duen antzera, ikuspuntu folklorista lirikoaren ifrentzua marraztu nahi izan du,ur uherren pean pasioak eta gorrotoak ezkutatzen duen giza paisaia zizelkatu.
Kritika. Zinema
Gorroto herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu