Artea. Kritika

Gorputzak

Dora Salazarren eskulturak nahiz marrazkiak jarri dituzte erakusketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Dora Salazar

Erakusketa: Entrelazar. Lekua: KM Kulturuneko Ganbara. Noiz arte: irailaren 14ra arte.

Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan ikusgai dira Dora Salazar artista Altsasuarraren hainbat lan: gizakia, emakumea eta gorputzarekin lotutako zazpi eskultura eta beste hainbat marrazki. Lanon bitartez, Salazarren lanaren oinarriak eta bereizgarriak diren gaietan murgilduko gara: gorputza eta haren mutazioa, gorputza eta identitatearen arteko harremana, eta horiek genero kontuekin duten lotura.

Erakusketan ageri diren eskulturak (ganbarako hainbat sabaitatik zintzilik) hariz, kobrez, larruz edo sokaz osatutakoak dira, eta barruan gordea duten egitura hutsei gorputza ematen diete. Figurek soinaren egituraren aldaketa, moldaketa eta mozketa askotarikoak aurkezten dituzte. Sormen bide hori gorputzaren eta itxuraren arteko lotura zorrotzean oinarritzen da, eta kanpotik jasotako eraginak gorputza forma aldakor batean bilakatu du denboran. Horrez gain, gorputzek aurpegi edo maskara berdina partekatzen dute. Hori dela eta, gorputza eragin sozial eta kulturalekin aldatuz doan egitura moduan aurkezten zaigu, eta identitatea, berriz, bakoitzaren bidetik sortu eta eraikitzen den elementu gisa.

Gorputza eta haren espazioa, historian, hainbat alorren ikerketen gurutzaketan kokatu izan da. Psikologiak, filosofiak, soziologiak, medikuntzak, erlijioak eta arteak horren inguruko interpretazio askotarikoak plazaratu dituzte, eta boterearekin nahiz jakintzarekin lotura izan duten irudikapen estrategia askotarikoak erabili dituzte. Salazarren lanak estrategia propio bati jarraitzen dio, eta, artearen bitartez, bestelako alorren irudikapen bat eraikitzen du. Oso interesgarria da lanotan gorputzaren eta identitatearen artean sortzen den lotura —agian, lotura eza esan beharko nuke—. Mendebaldar tradizioak gorputza subjektuaren atributu gisa aurkezten du, izatearen edukiontzi moduan. Baina, ze lotura dauka edukiontzi horrek subjektuaren pentsamendu eta identitatean? Ze eragin dauka gure gorputzak gure identitatean?

Pentsamendu kristauak, Platonen gorputzaren eta espirituaren arteko harremana hartu, eta gorputzaren eta arimaren harreman bihurtu zuen. Gorputza, denborarekin apurtuz doan ontzi bilakatzen da, betiereko elementu immateriala gordetzen duen materia galkorra. Salazarren gorputzek, berriz, elementu galkorrak deseginik, betiereko estrukturak aurkezten dizkigute, inoiz galduko ez diren oskolak. Estrukturak, noizbait feminismoaren arima gorde zuten ontziak dira, kristautasunarekin baino erritu paganoekin lotura estuagoak aurkezten dituzten aratusteetako elementuak.

Horiez gain, aretoko paretetan beste zazpi marrazki ikus ditzakegu. Gorputzak bere burua janzteko erabiltzen dituen elementuekin daukan mendetasun jarrera erakusten dute irudi horiek, eta eragin ezkorra dutela azaleratzen. Artistaren lan asko kartzela edo kaioletan oinarritzen dira, eta pertsonak askatasunerako duen eskubideen inguruan gogoetak plazaratzen. Lan horiek errebindikazio sozial moduan interpretatu dira, errepresioa, inkomunikazioa eta gizagabetasunaren adierazgarri. Alde horretatik, artistak ez du inolako neutraltasun eta konformismorik erakusten. Sortzen dituen irudi eta eskulturen bitartez, ikuslearen zentzu kritikoa errazten duten elementuak aurkezten ditu, ulertu eta interpretatzeko sortuak diren irudiak. Marrazkiek gorputza zigor eta mortifikazio egoeretan aurkezten dute, horrek inguruaren eraginarekiko duen menpekotasuna adieraziz.

Dora Salazarrek Arte Ederretako ikasketak burutu zituen 1981etik eta 1986ra bitartean, eta eskulturako alorrean espezializatu zen. Oraindik ikasketak egiten ari zela, beste ikaskide batzuekin batera Bellos Grupos de Arte taldea osatu zuen, eta urte gutxi batzuetan Euskal Herriko hainbat hiritan erakusketak aurkeztu zituzten. Bere ibilbide profesionala 80ko hamarkada bukaeran hasi zuen, eta eskultore gisa denbora gutxian arrakasta lortu zuen. Azken hamarkadetan hainbat sari eta beka jaso ditu, Bizkaiko Foru Aldundiko beka, Bizkaiko Artea saria hainbat urtetan eta Gure Artea saria eskultura sailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.