KRITIKA. Antzerkia

Gorputza eta izpiritua

Agus Perez.
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

'Izpiliku sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen'

Konpainia: Hecho en Casa. Zuzendaritza: Herve Hestebeteguy. Testua eta moldaketa: Tai-Marc Le Thanh. Euskaratzea: Txomin Urriza Luro. Eszenografia, jantziak eta gauzakiak: Francisco Dussourd. Musika: Clo. Maskarak: Annie Onchalo. Kartela: Rebecca Doutremer. Antzezleak: Barbara Rivas, Alazne Etxeberria, Maryse Urruti. Lekua: Lugaritz kultur etxea, Donostia. Eguna: Azaroak 17.

Zu gorputza izango zara eta ni izpiritua». Hitz horiek esan dizkio Cyranok Roxanaren bihotza konkistatu nahian Christian artaburuari. Cyrano ere maiteminduta dago Roxanarekin eta, bere sen poetikoa baliatuta, ez zaio batere kostatzen maitatuaren aldeko hitzik ederrenak jariatzea. Christian, ordea, ederra da gorputzez eta aurpegiz, baina naturak dohain fisikoak baino ez zizkion eman, eta guztiz ezgauza da amodio hitzak esateko.

Cyrano de Bergerac da gerora igaro den Edmond Rostand neorromantikoaren obra bakarra, eta haren protagonista iruditeria kolektiboaren parte bilakatu da, beharbada jaiotzetiko zigortuen arketipoa irudikatzen duelako, eta seguru asko maitasun erromantikoaren endredoaren paradigma delako. Alde horretatik, eta pasa den asteko gertakaria kontuan hartuta —nerabe transexual baten amaiera tragikoa—, ezin egokiagoak izan daitezke haur-antzerki honen proposamena eta haren txosten pedagogikoa, desberdintasuna onartu eta gizakion aniztasuna balioan jarri nahi baditugu.

Bestetik, Lapurdiko Hecho en casa konpainiak Euskal Herri, Frantzia, Txile eta Mexikoko partaideak biltzen ditu, eta haien artean era askotako lanbide eszenikoak jorratzen dituzte. Cyrano hau —zuzendariari izenburu luzeak gustatzen zaizkio, baina hemen laburtu egingo dugu— hirurehun bat aldiz antzeztu da Frantzian, Rebecca Doutremer ilustratzaile paregabearen oihartzunean bermatuta —bilatu itzazue haren ilustrazioak: txundituta geratuko zarete—, eta orain euskarazko emanaldien hastapenetan gaude, Txomin Urriza Luroren itzulpen literario bikainari esker. Horregatik bakarrik mereziko luke emanaldia ikustea edo, hobeto esanda, entzutea.

Doutremerrek Japonia klasikoan kokatu zuen Cyranoren istorioa, eta haren estetika ezin finagoa abilezia handiz ekarri dute taula gainera Francisco Dussourden eszenografia eder eta dinamikoak, Ekialde Urruneko jantzi dotoreek eta objektuen izaera metaforikoak. Clo delakoaren soinu bandak finezia handiz elkartu ditu ekintzarako behar ziren musikak eta herri hartako exotismoa, eta Annie Onchaloren maskara politek joko handia eman dute jatorrizko hiru neska kontu kontariek pertsonaia guztiak gorpuzterakoan. Erritmo eszeniko sostengatua eta argien diseinua lagun, ahoa bete hortz utzi digute eszenaratzeak eta hiru antzezleen bikaintasunak, eta alde horretan kontuan hartu behar da hirurek Japoniako No teatroan eta borroka-arteetan jasotako prestakuntza. Bitartean, aipatzekoa da ikusle gehienak helduak izan direla, eta bai haiek bai haurrek ia arnastu gabe segitu dutela emankizun honen garapen miresgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.