KRITIKA. Artea

Gorputz sekuentziak

Kamera estenopeikoarekin hartutako irudiak jarri ditu ikusgai Nagore Legarretak Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
Nagore Legarreta

Erakusketa: 'Hysteron'. Non: Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia. Noiz arte: Urriaren 22 arte.

Orban zuriak hondo beltz, ezin ilunago batean. Orban zuri errepikakorrak, erritmo zehatz bat jarraituz gehienetan. Argazkiak dira, baina ez ohituta gauden argazki garden eta zehatz horietakoak. Argazkiak dira, zuri-beltzekoak, baina hauetan irudiak ez dira garbi-garbi ikusten, lausoturik baizik. Argazkiak dira, gorputz zatien argazkiak. Nagore Legarretaren lan berria da: Hysteron.

Argazki hauen edukian sartu aurretik, atentzioa ematen duen lehenengo gauza, ordea, euren formatua da; guztiak ia neurri berekoak dira, eta hala ez badira, oso ezberdintasun gutxikoak. Oso argazki horizontalak dira, altuera gehiegirik gabekoak. Bata bestearen segidan jarriak salako horma zurien gainean, horizonte beltz batez inguraturik sentitzen da bisitaria; hamabi argazkien artean bildurik.

Baina hasieran ia homogeneoa zirudien lerro beltz luzean, gero eta ezberdintasun gehiago antzematen dira irudi bakoitzera hurbiltzen joan ahala. Orban zurietan gorputz zatiak ikusten dira, gorputz zati zatikatuak guztiz; eta gorputz zati bakoitza, argazki batean: eskuak, oinak, hankak, besoak... Eta irudiak ikusi ahala, pixkanaka, emakume gorputz baten zatikatzearen aurrean dagoela ohartarazten da ikuslea: bularrak, aldakak... are gehiago, emakume gorputz batzuen aurrean.

Zatikatze prozesu hori, ordea, eta, era berean, baita argazkiek duten formatu zehatz hori ere, artistak darabilen teknikaren ondorio zuzena da. Izan ere, aurretik, Nagore Legarretak argazkigintza estenopeikoarekin beste zenbait proiektu eginak baditu ere, kasu honetan, argia iragazteko zulo bateko makina erabili ordez, lau zulokoa erabili du, eta aipatutako zatikatze eta errepikatze erritmikoak sortu. Teknika berezi honek, argazkigintzaren eta honek eskain ditzakeen aukera ezberdinekin esperimentatzeko parada emateaz gain, bertan sortzen diren argi-ilun intentsuen bidez, emakume izatearen eta emakumetasunaren inguruko gogoetarako bideak ere irekitzen ditu.

Gorputzaren ikerketa anatomikoa baino gehiago, emakumeek beren gorputzarekin izan ditzaketen harremanen inguruko ikerketa baten aurrean gaudela dirudi. Eskuak eskuekin lotuz, edo elkarri bultza eginez, gorputzak elkarrekin dantzan, borrokan, eta hankak hanken kontra estutzen ikus daitezke; tentsio uneak, mugimendu lasaigarriagoak, eta lotura erlaxatuak. Emakumeok gure gorputzarekin izan ditzakegun harreman moten, baina baita emakumeon artean sor daitezkeen gorputz harreman ezberdinen inguruko hausnarketara garamatzaten irudiak dira; harreman horien sekuentziak, atalak, pasarteak, fotogramaz-fotograma ikusi ,eta harreman horien oinarri den mugimenduaren disekzioaren aurrean egongo bagina bezala.

Izenburuak berak ere feminitateari loturiko pentsaketara garamatza: Hysteron. Antzinako grezieratik jasotako hitza da, uteroa izendatzeko erabili zena; eta, hain zuzen ere, histeria femenino gisa XIX. mendetik aurrera izendatzen hasi zen ustezko gaixotasunaren izenaren sustrai ere badena, bere sorburua uteroari loturik egon zitekeela pentsatzetik erabilia. Horrela, etengabean biltzen, lotzen, kiribiltzen eta askatzen dirauten gorputz horiek, gorputz sufrituak dira. Ez, ordea, ustezko histeria femenino hori dutelako, ez eta beste inolako gaixotasunik ere. Gorputzen kiribiltzeek iradokitzen duten sufrimendua ez da fisikoa, gorputzek ez dute orbainik, zauririk, ez azalekorik behintzat. Gorputz sufrituak dira, ordea, historikoki emakumeen gorputzek, emakumetasunaren adierazgarri izanik, etengabeko jazarpen eta gehiegikeriak jasan dituztelako, maiz objektu huts gisa ikusiak, bigarren mailako gorputz.

Horrela, bada, Nagore Legarretak erakusketa honekin dakarkiguna emakumearen eta emakumetasunaren inguruko gogoeta eta hausnarketarako bidea da. Gaurkotasunean, baina baita historikoki jasotako tradizio, konbentzionalismo eta portaerak direla eta, geure gorputzarekiko ditugun harreman ezberdinez, eta baita beste gorputz femeninoekiko izan ditzakegunez ere.

Guztia, hegaluze lata handi bateko lau zulo txikietatik sorturiko argi izpien bidez lortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.