KRITIKA. Artea

Gorputz-loreak

Bilboko La Tallerren ikusgai dagoen erakusketako bi pieza. MONICA DEL VALLE / FOKU.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Jeleton. 'Loreburu. Lorebegi. Loreen Historia Politikoa'

Non: La Taller, Bilbo. Noiz arte: Maiatzaren 25era arte.

Loreburu. Lorebegi. Zenbat buru, hainbat aburu. Loreburu. Lorebegi. Artea egiteko ingelesa erabiltzen duzu? Loreburu. Lorebegi. Jeletonen azken erakusketa dugu La Tallerren.

Errituak. Jokoa. Jolasa. Zoria. Nahasketa. Nahasmena. Bizitza. Bizia. Izatea. Izadia. Loreak. Gorpuzkiak. Gorputza.

Ia hogei urte daramatza Jeletonek Loreen historia politikoa-n lanean. Ia hogei urte, loreen estetika limurgarritik abiatu, eta liluragarria den kontaketa sakon bezain konplexua deskubritzen eta helarazten ari zaizkigula. Zorionekoak gu. Estetikoa eta ederra dena erakargarria da, eta artean ere funtzio hori ez da galtzen. Erleak bezala loreetara goaz, haien deiari erantzunez gertutik gertura ikustera, haiek ere usaina izango duten itxaropenarekin agian. Eta hor sorpresa. Loreak ez dira lore huts. Lore sinbolikoak dira, subertsiboak, politikoak; gorpuztutako loreak, gorpuzten gaituztenak. Hau da Jeletonek aurkezten duen izadia.

Loreburu, lorebegi. Sabaian esekitako banderatxo sortak dira. Banderatxo elkarketak. Hitz elkarketak. Herri edo auzoetako banderatxoen estetikara garamatza nolabait. Erakusketako edukia serioa da, baina ez horregatik iluna, zaporerik gabekoa. Festaren ideiak alaitasunera garamatza, ilusiora, gozamenera, jolasera. Esku zabalik hartzen gaitu, eta gu gorputzaren osotasunean murgiltzen gara.

Loreburuak eta lorebegiak ernatzeke dauden loreak dira; sortzeko edo jaiotzeko puntu-puntuan daudenak. Udaberriarekin batera egiten dute eztanda. Orain da garaia.

Lore eta gorputz; loreen eta sexualitatearen artean egiten den loturak —lotura politikoak— banderatxoetatik tarotera garamatza. Lore-tarotera. Jakintza-loreetara. Gorpuztutako jakintzara. Jolasaren eta zoriaren bidezko ezagutzara. Ezagutzaren boterera. Norberaren ezagutzarako tresna da. Floripondio. Hortentsia. Hibiscus. Tillandsia. Airez elikatzea. Ezinezkoa dirudiena. Norekin identifikatzen zara zu? Zein da zure karta? Zein zure lorea? Zein zure gorputzeko atala? Ahoa? Ipurtzuloa? Belarria? Entzun. Entzun irudiek diotena. Dastatu eta esan. Utzi odolari gorputza zeharkatzen gorpuzki batetik besteraino. Sentitu odola, eta bota. Dena da ziklikoa. Nahasketa. Bizia. Bizitza. Erantsi bizitza tarotari, jolasari. Odolez margotutako kartak dira. Bizia jaso duten marrazkiak eta loreak.

Nahiz eta Jeletonen lanetan marrazkiak estrategia eta lan-tresna gisara presentzia handia izan —Arts and Craftsen estetikara hurbiltzen diren marrazkiak, lore, landaredia eta izadi delikatu eta ederren bidez sortutako unibertso gozagarria—, eta hori erakusketan bertan ere nabaritzen den, izaera arineko euskarri horiekiko kontrastean, espazioan presentzia sendo eta pisutsuagoa hartzen duten bestelako gorpuzte zeramikoak ere badaude.

Idulki banaren gainean hiru dira. Nolabaiteko hirutasuna osatu dezakete errituen ideiarekin jarraituz. Idulki sakratuak izan daitezke, baina ez dira inolaz ere estatikoak, ideia huts baten irudikapenak. Mugigarriak, eraldagarriak, forma eta izate ezberdinak har ditzaketen izakiak dira, Mendebaldeko kulturako arrazionaltasunarekin eta bikotasunarekin apurtzen dutenak. Bada, edo ez da, kasu honetan izan daiteke batean bilakatzen da. Izan daiteke likido eta malgu batean. Sortze berriak, ugaltze berriak. Emankortasuna.

Elkartutako piezak dira. Zuloa duten piezak. Platertxo mizeniko modukoak, gorantz etengabe hazi eta hazi egiten direnak, eta maila bakoitzak azken emaitzari esanahi berriak atxikitzen dizkio. Baina guztiak dira zuloa duten piezak. Isur dezagun likidoa. Isuri likidoa zulotik behera. Izan gaitezen errituaren parte. Egin dezagun barre, egon gaitezen serio. Izan ditzagun bi aurpegiera edo, zergatik ez, gehiago; baina disfruta dezagun. Egin dezagun jolas, eta ezagutu; ezagutu gaitezen gu, eta ezagutu gaitezen elkar.

Hau hasi besterik ez da egin ordea. Work in progress kutsua duen erakusketa da. Jeletonek lanean dihardu oraindik, eta, udaberrian loreak loratzen diren moduan, banaka-banaka, La Tallerreko erakusketan ere proiektua hazte prozesuan murgildurik dago. Hala ere, lasai, ez dut spoilerrik egingo.

Azken nota. Galdu ezinezko bonus track-ak: Florigerio. Blanca flor. Flor de figuera. Erakusketarako propioki ekoiztutako geranio koloredun fanzineak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.