KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Gorputz gordinaren kanta

I U dantza piezaren irudi bat. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Marta Garcia
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Lasala konpainia



Zuzendaritza eta koreografia: Judith Argomaniz. Dantzariak: Garazi Etxaburu, Miren Lizeaga, Leire Otamendi, Jaiotz Osa. Egitaraua: I U, Female eta Fight piezak. Lekua: Tabakalera Patioa (Donostia). Eguna: Abuztuak 12.

Badira urte batzuk Musika Hamabostaldiak bere programazioan dantza klasikoa eta garaikidea lantzen duten proposamenak ere eskaintzen dituela. Argi gera dadila hasieratik dantzan ez naizela inongo aditua, eta, hortaz, esan liteke testu hau ez dela, hertsiki, kritika bat. Norbera eroso sentitzen den eremu artistikotik at —nahiz eta horrek erabiltzen dituen baliabideen laguntzaz— aritzearen zirrara bada, beharbada, ausartzeko nahikoa arrazoi.

2013an sortu zuenetik Judith Argomanizek zuzentzen duen Lasala dantza konpainiaren eskuetan zegoen dantzaren bigarren hitzordua musika nagusi den jaialdian. Hara non, emanaldia irekitzen zuen I U bafleetatik ozenegi ateratzen zen Arvo Parten The Deer's Cry motetearekin hasten den. Jaiotz Osa eta Garazi Etxaburu taula gainean, egonkortasun handia eskatzen duten tentsioz betetako mugimenduek zeharkatzen dute pieza. Hitzen faltan, erraietatik ateratzen diren keinuek bilatzen dituzte erantzunak, eskuen indarraz. Ama Birjinaren errepresentazio piktoriko klasikoa gogora ekartzen duten koloreekin jolasean, mantu urdina erauzi eta odol errai gorriak dira ageri, bilaketak barrena bera jartzen baitu kolokan.

Soilik mahuka motzeko maillot gorria soinean, Female feminitate huts eta gordinaren miaketa zorrotza suertatzen da. Hiru dantzarien —Etxaburu, Lizeaga eta Otamendi— mugimenduen progresioek eta erritmoak zama sinbolikoa zabaltzen dute agertokia gorriz tindatzen duen argiztapenaren menpe, eskultura-egitura sendoak eraikiz. Gizataldea eta gizabanakoa aldi berean kateatu eta desberdintzen dituen segida norberaren izaera galdu gabe identitate kolektiboa ikertu, zehaztu eta mugatzeko eremua bihurtzen da.

Gizakion arteko betiereko lehiaren metafora gisa aurkezten da Fight pieza. Camile Saint-Saensen Beltxarga melodia ezagunaren gainean deigarriak dira pastel koloreko borroka libre jantziak, eta esku-programan agertzen ez zen Xabier Mujikaren diseinua. Espazioaren zentzuzko erabilerarekin, agertokia ringa balitz bezala, borroka egitea gorteatzea ez ote den galdetzen dute, bizitza ez ote den hurkoaren onespenaren behar bortitza, biluzik eta bat-eginik geratu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.