Kritika. Artea

Gorputz afektiboak

'Eremu magnetiko lehor bat' erakusketako artelanak. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Eremu magnetiko lehor bat' erakusketako artelanak. MAIALEN ANDRES / FOKU
2025eko otsailaren 18a
04:00
Entzun

'EREMU MAGNETIKO LEHOR BAT'

Jakina denez, Tabakaleran azken urte hauetan bi gune erabiltzen dira erakusketarako. Batek, eraikinaren perimetroko hormetako bati segika, bi azpi-gela eta giltzarri moduan funtzionatzen duen sarrera bat ditu, non, instituzioko erakusketarik garrantzitsuenak eta itxuraz, aurrekontu aldetik garestienak egiten diren. Eta bestea, pisu berean, haren aldamenean dagoen gela da, tamainaz dezente txikiagoa; azkenaldian, esperimentalagoak edo instituzioarentzat behintzat ausartagoak izan daitezkeen apustutxoak-edo aurkezten ditu. Azken horretan, tarteka, artisten eta bertako komisario gazteen arteko kolaborazioak proposatzen dituzte, eta orain ikus daitekeen erakusketa da horren adibide: Eremu magnetiko lehor bat izenburupean, Tabakaleran egoiliar izandako Santiago F Mosteyrinen lanak aurkezten dira Garazi Pascual eta Ivan Gomez bikotearen komisariotzapean.

Sartu aurretik, bi erakusketa eremuak eta igogailuak biltzen dituen atondo antzekoa gurutzatzean, begirada aterantz zuzendu eta bertatik zerbait igartzen da; erakusketa bisitaria limurtzen hasten da. Pastel koloretako oihal batzuk ikusten dira: arrosak, morexkak, urdinxkak; batzuk tonu ilunagoetan, eta argiagoetan besteak, zerrenda antzeko batzuetan ipiniak. Paisaia irudi lausotuak diruditela ere esatera ausartuko nintzateke distantziak ematen duen atrebentziaz.

Gunera sartzeko atea gurutzatu, eta limurtze ekintza eraginkorraren ondorio, erakarpen tentagarri bilakatu den instalaziora egin ditut lehen pausoak. Eta haiei so gelditu naiz. Eta hala gelditu naiz tarte batez. Koloreak berak dira; zerrendek ere hor jarraitzen dute, baina paisaia, hori behintzat nire begiradatik desagertu egin da gertutasunak eskaintzen duen zorroztasunetik. Ikuspegi gozoa zen hura indarkeriazkoa dirudien egoera baten ondorena bilakatu da. Gainjarritako zerrendak, tarratada bortitzez ebakiak diruditenak, gazazko telaren ahultasuna azpimarran jarriaz. Gainazalak, azalak balira bezala.

Erakusketa ehunezko beste hainbat lanek osatzen dute. Eta haietan ere F Mosteyrinek antzeko jolasak planteatu ditu: urrunetik paisaia geologikoak diruditenak, gerturatu eta giza gorputzezko paisaiak bilakatzen dira. Batzuetan soilik trazu intuitibo batzuk igartzen dira hurbiltzean; besteetan, aldiz, giza gorputzen eta gorputz zatien ingeradak antzematen dira: buruak, eskuak eta zakilak. Eta hauetan, harremanak; gorputzen ukitze eta laztantzeen bidez azaleratzen diren afektuak gailentzen dira brodatutako irudietan. Gozotasunezko eszena horiekiko kontrastean, ordea, gainazaletako tarratadek harreman horiek barnean bil dezaketen biolentzia edo hauskortasuna agerrarazten dute.

Dena den, ehunezko pieza bakoitzak bere izaera propioa du harreman edo afektuak agertzeko moduetan. Eta hori, bakoitzaren material eta kolore propioei ez ezik, espazioan plazaratzeko duten moduei ere lotuta dago: instalazioari, alegia. Oihal bakoitza modu ezberdinean dago helduta: batzuek goitik behar dute sostengua; besteek, berriz, atzetik, eta badira alde banatatik helduta aurkezten direnak ere; instalazioaren eta artelanaren arteko mugak lausotuz. Gorputz indibidual gisara daude tratatuak, bakoitza bere behar propio eta partikularrekin. Eta espazioan ere hala agertzen dira, bakoitza bere pertsonalitate propioarekin: batzuek aurrez aurre begiratzen diete bisitariei, zuzenean; aldiz, badaude bizkarra emanda agertzen direnak ere, eta bakarren bat, lotsatiena edo, espazioa bertikalki zeharkatzen duen zutabearen atzean dago.

Azken finean, instalazioak aurkezten du piezetako bakoitza aretoan gorputz afektibo indibidual gisara; eta honekin batera, instalazioa da gorputz afektibo horiek aretoan eta gizartean aurkezteko dituzten ezaugarri, erabaki, arazo eta moduak islatzen dituena: espazioan egoteko moduen hierarkiak apurtuz, ikusgarria denaren, edo izan beharko lukeenaren, ezkutatzen denaren, ezkutatu nahi dugunaren, edo ezkutatu behar dugunaren inguruko gogoetak plazaratuz; eta egokia dena, edo desegokia izan daitekeena zalantzan jarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.