'Tontolapiko eguna'
Konpainiak: La Nordika, Adrian Conde, Tontolapiko kabareta,Los Galindos. Lekua: Durangoko Aurora Abasolo parkea eta inguruak. Eguna: Apirilak 7.Urtero lez, eta Ganso & Cia konpainiaren ekimenez, aukera eduki dugu Tontolapiko egunean sitsek jandako ospakizun katolikoei iskin egiteko.
Eguerdian Iruñeko Parena taldeak Siroko antzeztu du, baina nik arratsaldean harrapatu dut lehen emanaldia: Sevillako (Espainia) La Nordika konpainiaren Candido-n Dario Dumont bakarrik aritu da, zirku bateko artisten sarreraren atzean balego bezala, laguntzailearena egiten. Jakina, balizko artista haiek ez ditugu sekula ikusi, baina berarentzat galduak diren tartetxo haiek aprobetxatu ditu Dumontek bere abilezia artistikoak erakusteko eta ikusleen bihotzak bereganatzeko.
Bitartean, eta ordu erdiro, La petite caravane eskaini du Espainiako Adrian Conde konpainia asturiarrak. Izenak dioen moduan, karabana baten barruan gertatu da guztia, bai kanpoaldea bai barrualdea munduko antzokirik txikienaren antzera atonduta zegoela. Bertan sartu garen ikusleok izerdi patsetan baina giro ederrean eman dugu denbora, munduko magorik txikienak betiko numeroak gure begien aurrean —gehienez ere metro biko distantzian— burutzen zituen bitartean, eta haien artean bereziki barregarria eta ondo egina iruditu zaigu ustezko lebitazioarena.
Kanpoko aire freskoa arnastu ostean, Tontolapiko kabareta etorri da Landako guneko pabiloiaren atzealdean, eta han bi nazioarteko konpainia baino ez dira izan. Bea Egizabal gipuzkoarra aritu da aurkezle, ikusleen gogoa konkistatuz bere estilo feminista lotsagabe bezain buruargiarekin —Euskal Herrian zehar darabilen Magma mia bakarrizketaren laburpena izan da—, eta benetako saioetan Zaragozako (Aragoi, Espainia) La Maña eta Euskal Herriko Badut taldea aritu dira. La Mañak borondate oneko ikusle baten laguntzarekin burutu ditu aldi berean Aragoiko jotak eta soka lasaiaren gaineko akrobazia bikainak, eta Badut bikoteak —Txefo Rodriguez eta Anduriña Zurutuza— Andaluziako folklorearen parodia irudimentsua eman digu Flamenkito izeneko piezan.
Jardunaldia amaitzeko, Los Galindos konpainia katalanaren MDR etorri da. MDR akronimoak Mort de riure (Barrez lehertuta) esan nahi du, eta taldeko hiru pailazoek beren aurreko emanaldi batean barrez lehertuta zendu ei zen emakume baten kasua argitu nahi izan dute. Beren ihesaldi zoroan, obretan dagoen eremu zarratu batean sartu, eta han aurkitu dituzten elementu guztiak—aldamioak, ohol handiak, eskorga, zakuak, komun-kabina, hormigoi-makina eta batek daki zer gehiago— erabili dituzte beren ideia burugabeei eta logika absurdoari jarraitzeko. Pailazo tradizio onenetik edanez, umore basatia eta gupidagabea erakutsi dute emanaldian zehar, arrisku handiko ariketa akrobatikoak tarteko eta gure gizartearen balioak etengabe kuestionatuz. Emanaldi bikaina, benetan, Tontolapiko egunari amaiera bikaina emateko.