'Silent City'
Zuzendaria: Threes Anna.
Herrialdea: Herbehereak-Luxenburgo-Belgika.
Iraupena: 87 minutu.
Duela bost urte Threes Anna zuzendari nederlandarrak The Bird Can't Fly opera prima aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Aurten, Silent City dakar, egileak berak idatzitako De Still Stad eleberrian oinarritutako lana. Zuzendari Berriak sailean hamazazpi film lehiatuko dira, eta Katayoon Shahabi ekoizle irandarra buru duen epaimahaiak erabakiko du nork eramango dituen jokoan dauden 90.000 euroak.
Silent City-k Rosa gaztearen istorioa du hizpide; haren ametsa Japoniara joatea da, Kon maisuaren eskolan arraina nola ebakitzen den ikasteko. Arrainaren inguruko sekretu guztiak ikasteko, gogor lan egin beharko du.
Alabaina, egilearen helburua bestelakoa da. Japoniarren berezitasuna azpimarratzea, eta modernitateak sortutako kontrasteak azaleratzea interesatzen zaio batez ere. Paradoxikoa badirudi ere, globalizazioaren garaian inkomunikazioa areagotu egin da, eta kultura bakoitzaren izaera deskubritzea ez da uste bezain erraza. Japonia eta inkomunikazioa kontzeptu bereiziezinak bilakatu dira; eta Lost in Translation ospetsuak bezala, inkomunikazioaren eta bakardadearen inguruko hausnarketa helaraztea da Silent City lanaren helburua. Poetikoa eta berezia izaten saiatzen bada ere, eskasa eta erraz aurreikus daitezkeen horietakoa da. Hitzak baliorik ez duenez, poesiaren bidez eszena gogoangarriak eskaini nahi izan ditu, baina emaitzak, lilura beharrean, lotsa eragiten du. Zolitasunik batere ez baitu. Egoera surrealistak dituen arren, ez du publikoari barre eginaraztea lortzen, eta ezin esan daiteke dramarako trebezia handirik duenik. Gisa honetako proiektu interesgarri askok egiten dute porrot.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari berriak
Globalizazioaren paradoxak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu