Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Gizonezkoen lerro okerrak

Angel Aldarondo.
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun

'The Wife'



Zuzendaria: Bjorn Runge. Aktoreak: Glenn Close, Jonathan Pryce, Christian Slater, Max Irons, Annie Starke, Harry Lloyd. Herrialdea: Suedia-Erresuma Batua. Iraupena: 99 minutu.

Gizon handi baten atzean emakume are handiago bat egoten dela entzun izan dugu beti. Esaldi adeitsu hori, emakumeek beti egin ohi duten ezinbesteko lan ikusezinari garrantzia ematekoa izan beharrean, bizkarrean emandako zapladatxoa da soilik. Halako esamoldeek matxismoa iraunarazten laguntzen dute, erabiltzen duenaren asmoa ez delako bidegabekeria ikusgai egitea, estatusa mantentzea baizik.

Zer espero dezakegu bada lehen dama batengandik? Filmaren protagonistaren kasuan, hasieran uste genuena baino askoz gehiago. Joan Castleman adimen handiko emakumea da, deboziozko emaztea eta ama perfektua. Berrogei urtez sakrifikatu ditu bere talentua, ametsak eta anbizioak, bere senar Joe karismadunaren sua eta ibilbide literario azkarra sustatzeko, haren desleialtasunak eta aitzakiak jasaten, dotoretasunez ez ikusiarenak egiten. Haien zorigaiztoko itunak desberdinkerian oinarritutako ezkontza-harremana eraiki du. Dei bat jasoko dute Joeri Literaturako Nobel saria ematekotan direla esanez, obra ikusgarri baten kolofoi gisa, eta Joanek sekretu handienari aurre egin beharko dio.

The Wife konnotazio txarra duen hitz batekin definitu dezakegu: akademizista. Ziur aski, horregatik ez da aritu lehian Sail Ofizialean, ez duelako autoretzaren trazurik. Erloju suitzar baten mekanismoa dirudi, dena bere tokian ahokatzen da: hitzak, isilaldiak, emozioak, sekretuak, begiradak... Primeran funtzionatzen du, familia osoak arazorik gabe ikus dezakeen pelikula kaltegabea da. Baina bere barneko mezu feminista —erraza eta bistakoa izan arren— oso indartsua, beharrezkoa eta egungoa da.

Funtsezkoa delako emakumeen istorio hauek ezagutzea. Glenn Closek emozio handiarekin antzeztu du antzeko egoera bat bizi izan duten emakumeen frustrazioa; bera da filmeko ikuskizuna. Filmaren akats bakarra da sekretua agian gehiegizkoa gertatzea Nobelaren mailako idazle baten inguruan aritzeko. Baina The Wife bidaia hunkigarri eta dibertigarria da; feminitatearen, sakrifizioaren, eta emakumeen askapenaren ospakizun bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.