Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Gizakia da etsaia

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun

'Der Hauptmann'



Zuzendaria: Robert Schwentke. Aktoreak: Max Hubacher, Milan Peschel, Frederick Lau, Alexander Fehling. Herrialdea: Alemania-Frantzia-Polonia. Iraupena: 118 min.

Ondo baino hobeto amaitzen ari da Zinemaldia, eta Der Hauptmann filma maila igotzen lagundu duen beste adibide bat dugu. Robert Schwentke gidoilari eta zinemagilea Alemania nazira bueltatu da, botere gerren parabola satiriko eta indartsu bat jorratzeko, batez ere ohiko mezu bat daramana: botereak gizakia galbideratzen du. Gizakia beti izango da otso gizakiarentzat.

Hasiera oso indartsua baliatzen du zuzendariak —filmaren zatirik mantsoena eta onena da— protagonista eta testuingurua aurkezteko. Jazarria den hemeretzi urteko soldadu zarpailtsu eta gosetu batek kapitain baten uniformea aurkitu, eta jantzi egingo du, ofizial bat itxuratuz. Desertore talde bat bilduko du, eta bere bidean dagoen oro hiltzen eta arpilatzen hasiko da. Alemania nazi astinduan zehar, katuaren eta arratoiaren arteko tentsio handiko joko batean hasiko da beste agintariekin. Mailaz igo bezain pronto hasiko da bere degradazio morala, errukirik gabeko krudeltasunean mugarik ez aurkitzeraino.

Atzoko beldurrei eta egungo mehatxuei buruzko metafora baliagarria eraiki du Schwentkek, obedientzia eta —itxurazko— boterea Hugo Bossen traje solemnean irudikatuz. Gure agintarien eta estamentuen kaskarkeria agerian utziko du, oraingoan gerraren eromenaren barnean, baina edozein garai eta egoera nahasitan gerta daitekeena. Katalunian egun hauetan, esaterako.

Zuzendaritzaz gain, gainontzeko osagaiak primerakoak dira: antzezpenak, produkzioa, musika eta, nabarmenki, argazkia. Zuri-beltzean artatsuki filmatua dago, II. Mundu Gerrako pelikulen estiloa jarraituz, nolabait justifikatua dagoen argazki espresionista ederrarekin. Halere, nahiz eta hasiera indartsua izan, bigarren partea ez dago haren maila berean; dramak gorantz egiten du etengabe, eta trebetasun handia eskatzen du gerrako delirioa eta tremendismoa irudikatzeak. Ez da lan erraza edozein zinemagilerentzat —Tarantinok, Kubrickek, Spielbergek eta Coppolak langa oso goian jarri zuten generoan—, baina Schwentkek, hauspoa pitin bat galtzen duen arren, film aparta lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.