KRITIKA. Musika

Gitarra leunen jarraitutasuna

McEnroe taldeko kideak. BERRIA.
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

McEnroe eta Galerna

Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: Azaroaren 5a.

Nerabe batek bere 20. urtemuga noiz ospatuko ilusio berarekin bete ditu McEnroe talde getxoztarrak (Bizkaia) bi hamarkada. Eta zortzi lan luzek osaturiko ibilbidea ospatzeko, Bilboko Kafe Antzokia etxeko zelai zaie taldekideei. Galerna taldeak emanaldia ireki ondotik, azken bi hamarkadetan kaleratutako kantu intimo, gogoangarri, eta are itzalpekoak ere eskaini zituen McEnroe-k.

Eszenatokiko argi langarrak bazekarren emanaldiaren nondik norakoaren berri. Gitarra soinu leun eta zainduak lagun, ur-jauzi katartiko batera zuzenduta gindoazela zertan uka. Hastapenetako El Sur de mi vida-rekin ekin zion seikoteak, eta segidan Montreal eta Tormentas lausoagoekin zaletuak bere baitara bildu zituen. Argitalpen zahar eta berrienen erakusketa zabalaren txanda iritsi zen ondoren: La Palma, Las Mareas, La Cara Noroeste, La Distancia del lobo eta Rugen las flores kantak aletu zituzten, besteak beste. Eta zenbait ikuslerengan malko jarioa bistan zenean iritsi ziren bisak: Los Valientes kantuaren progresio biribilarekin eta urritan eszenaratzen duten Naoko kantuarekin.

Nola McEnroe taldearen diskografian hala Ricardo Lezon bera bakarka aritzerakoan, sona handiko kantariekin batera grabatutakoak ohikoak diren arren (The New Raemon, Tulsa, Anari), Bilbokoa Jimena Lezonen erakusleiho bilakatu zen. Oholtzaren atzealdean diluitzen zela ematen zuen arren, bere ahots dotorearen bidez aurkikuntza xehe eta berezi baten aurrean jarri zituen ikusleak. Izan bitez hogei baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.