Kritika-Antzerkia

Gimaraes 5-8-1

Agus Perez.
2025eko urtarrilaren 21a
04:30
Entzun

'La COLECCIÓN'

Ekoizpena: La Zona, Teatro de La Abadia eta TIDI Teatro Madrid. Egilea eta zuzendaria: Juan Mayorga. Eszenografia: Alessio Meloni. Antzezleak: Ignacio Jimenez, Ana Marzoa, Zaira Montes, Jose Sacristan. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 18.

 

Guimaraes 5-8-1 deitzen da karpeta misteriotsua. Lekua eta data besterik ez. Baina oraindik hutsik dago. Hectorrek eta Bernak bizitza osoa daramate objektuen peskizan eta bilduma izugarria egitea lortu dute. Orain, ordea, bilduma heredatuko duen norbaiten bila dabiltza eta karpeta horren inguruan zentratuko da bilbearen muina. Balizko bilbearena, hobeto esanda, zeren eta Juan Mayorgak idatzi eta gidatutako obran ez baitago ia argumentu zehatzik, eta esandako karpetaren inguruko bilaketa aitzakia ahula besterik ez da pentsalari madrildarraren gogoeta eta burutazioei nolabaiteko euskarri dramatikoa emateko.

Gauzak horrela, Susana bildumazalearen bisitak nolabaiteko intriga sortuko du, kontuan izanda ez berak ez ikusleok ez dakigula bi edadetu haien sakoneko asmoa. Jakin ere ez dakigu ezta bilduma bera benetan existitzen ote den, emanaldi osoan zehar haren zantzu lausoak besterik ez ditugulako izango. Mayorgak bitartean beste gauza batzuez hitz egin digu, eta bereziki objektuekin dugun harremanaz, era sakon eta poetikoaz hitz egin ere.

Nago, ordea, filosofia kontuetan ondo moldatu dela Mayorga, baina antzerki kontuetan ez hainbeste. Hasteko eta behin, niri behintzat narritadura sortzen zait pertsonaia haserretu batek irteerarantz abiatu eta «ni banoa» esateak, denok dakigulako gezur eszeniko maiztua dela. Mayorga, mesedez, zaindu itzazu antigoaleko kontu horiek, eta ez erabili hirutan —hirutan!— emanaldi berean. Eta, bide batez, neurritasun apur bat gehiago. Ez errepikatu kontu berberak orain Hectorri eta gero Bernari Susanak esan behar dielako aitzakian: esan biei batera, eta listo. Bikote zahartuan bi dira, baina ni bakarra naiz eta ez ditut gauzak bitan entzun nahi. Nago, gainera, beste kontu batzuei ez diela zuku nahikorik atera, hala nola bildumaren ustezko existentziarik ezari —atoan lurrundu den auzi potoloa— edota Gimaraeseko gutunaren inguruan eratutako korapilo sentimental antzuari. Eta zaindu, bide batez, geopolitika kontuak, norberaren mundu ikuskera salatzen dutelako: ez subliminalki ahaztu Gimaraes ez dela Espainiaren parte, eta ez hainbeste aipatu Mendebalde zuriko lekuak, Tel Aviv barne —bitan—, Afrika beltza, Asia eta mundu musulmana ere existitzen direlako.

Eskerrak lau antzezleek beren ofizioz salbatu dutela emanaldia sendotasuna, deklamazio perfektua eta ahoskera ezin garbiagoa lagun. Amaitutakoan, Arriagako besaulki den-denak betetzen zuten ikusleek lau aldiz txalotu dute antzezleen lana —era nahiko bultzatuan, dena esan behar badugu— baina inortxo ere zutunik jarri gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.