KRITIKA. Artea

Gezurra dirudien egia

Abenduaren hasiera arte egongo da erakusketa Carreras Mugican. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

Iñaki Imaz

Erakusketa:Doble vínculo. Lekua: Carreras Mugica galeria. Bilbo.Noiz arte: Abenduaren 3ra arte.

Erakusketek eta arte proiektuek, orokorrean, komunikazioan oinarritzen den alor bat jorratzen dute. Nahiz eta artistaren azken xedea ez izan, sormen prozesu oro komunikazio bilakatzen da, artistak bere buruarekin eta materialarekin duenaz gain, behin lana erakutsita, prozesuaren emaitzari ikuslearekin duena gaineratuz. Iñaki Imazek Carreras Mugica galerian aurkeztu duen azken erakusketak, aurretik aipatutako komunikazioaren oinarrizko alderdiez gain, komunikazioaren gaia izenburuan bertan dakar. Doble vínculo pertsona batek mezu ezberdin edo kontraesanezkoak jasotzen dituen komunikazio egoera bat bezala ezagutzen da, askotan eskizofrenia edo garunaren disfuntzio batekin lotzen dena.

Horrela, komunikazioa edo horren inguruko arazoak oinarri, 1965ean Donostian jaiotako artista horrek Bilbon aurkeztu duen azken erakusketak paper eta toska gainean landutako bi multzo bereizten ditu. Espazioaren sarrerako pasillo luzearen bi paretak erabiliz, testu, irudi, forma eta materialaren arteko elkarrizketa (edo horren ezina) planteatzen da, eta beraien artean, hasiera batean, ezberdinak diren bi prozesu aurkezten zaizkigu. Paper gainekoak formatu txikiko lan koloretsuak dira, kolore nahasketa puntualak kolore plano, forma anitz, irudi eta hainbat modutan aurkeztutako testuez osatzen direnak. Toska gainekoetan, berriz, materialaren forma irregularraren gainean landutako testuak aurkezten ditu, sakonera ezberdinetan hitzen errepikapena eta horien manipulazioak mezu bukatugabeak zabaltzen dituztelarik.

Mezuaren inguruan gertatzen da Imazen lanaren burrunba. Mezuak eta haren ulermenak komunikazioa eragiten dute, bainaidatziaren eta irudiaren arteko harremanak zer pentsatua ematen du. Alde batetik, testuaren eta haren esanahiaren arteko harremana ez dago oso argi, eta agian zentzuak alde batera utzita, artelanetan txertatzen diren hitzek helburu estetiko hutsa izan dezakete. Hori dela eta, lan errenkada ezberdin horiek behin eta berriz errepikatzen diren mezu hutsalak dirudite, igorleak esan nahi duen hori azaltzeko beharrezkoak dituen hitzak aurkituko ez balitu bezala. Gaurko kulturan bizi dugun linguistikaren eta estetikaren arteko elkarreragin jarraitua datorkit burura, eta horrekin batera gaur egungo kultura mediatikoan esanahia sortzeko bideen inguruko zalantzak.

Eta, bide horretatik, ezinbestean, pintura bera —toskak ere ala ulertzen ditut— bere buruarekin gatazkan dabil, izenburuaren lotura bikoitzetik haratago bertan sortzen den mezu bikoitzaren bitartez. Artistaren lana komunikazio paradoxikoaren garapen bat izan daiteke, non keinuaren eta esanaren (idatzia) arteko kontraesanezkotasun bat sortzen den, burua gora eta behera mugituz «bai» esaten duen pertsonaren modura. Jorge Luis Borgesek esan zuen moduan, «paradoxa gezurra dirudien egia da». Imazen lanean ez dakigu zein den gezurra eta zein egia, eta berdin du. Artistak pauso bat gehiago eman du, komunikazio eza komunikatzeko gai izan delarik. Arte Ederrak ikasi eta bertan jarduten dugunoi lanak ematen dizkigu esan nahi dugun horri forma emateak, komunikatu beharrari dagokion prozesu, euskarri eta material egokiak aurkitu nahian. Imazek, berriz, bere ibilbidearen mugetatik atera gabe, asmatu duela dirudi. Komunikazioa gai harturik, haren proposamenaren plastikotasunak kontzeptuarekin eta idatziarekin lotzen den esanahia jan du, eta kolore, forma eta materialen artean testua ere baliabide bat gehiago bilakatu da.

Eta, bide batez, esanahiaren inguruan bueltaka, izenburuak eta horrek berarekin dakarren kontzeptuak ikusleengan duen eraginari begiratzen diot. Alde batetik, noski, artistak sormen prozesuan murgiltzeko erabili duen gaia ezagutzea garrantzitsua da, emaitza eta prozesuak bere testuinguruan ulertzeko. Bestetik, berriz, hitzek multzo plastiko batean duten eraginaren inguruan sentipen kontrajarriak sortzen dizkit, batzuetan horien garrantzia gehiegizkoa den susmoa hartzen baitut. Argi dago artista eta proiektu bakoitzak bere ezaugarriak dituela, eta, kasuak kasu, artista bakoitzak erabaki behar duela harreman horien gertutasuna. Iñaki Imazen kasuan, bere garrantzia badu, eta, kasu honetan, erakusketa beste perspektiba batekin ikusten laguntzen duen arren, izenburuaren eta artelanaren artean haustura egongo balitz ere artistaren lanak funtzionatzen jarraituko luke, artelanaren eta artistaren inguruko zalantza berri bat piztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.