'Nator, dator, noa, da'
Egilea: Manu Muniategiandikoetxea. Non: Altxerri galeria, Donostia. Noiz arte: Irailaren bukaera bitarte.
Artistaren kasuan, sorkuntzarekin edo sormenarekin zerikusia duten beste lanbideetan bezalaxe, sortutako horrek gure pertsonaren parte bat duela aipatzen da, eta hura eragin duen sormen prozesuarekin batera, sortzailea ere bilakatzen dela. Manu Muniategiandikoetxearen inguruko gogoeta konplexua da, zeren, non du jarraipena artistaren bilakaera horrek? Bere sormen prozesu propioan? Orduan, zer gertatzen da sormen prozesu hori beste artista baten lan konkretu batean finkatzen bada?
Artista bergararraren kasuan, bi bideak etengabean nahastuz doaz; besteak beste, Alexander Rodtxenkoren hainbat artelanen berrikuspenaren bitartez. Kasu honetan, eta 2011. urtean Oteiza Museoko Interpretazioak programaren barruan egin zen bezalaxe, artista errusiarraren bederatzigarren sorkuntzan oinarritutako lanak aurkezten dizkigu Donostiako Altxerri galerian, oinarrizko piezaren forma sinpleetatik abiatuta, horiek desmuntatuz, zatituz, pintatuz edo berreraikiz sortzen diren bidegurutze eta aukera amaigabeen unibertsoan sakonduz.
Erakusketari ongi etorria artista errusiarraren originalaren berreraiketa batek ematen digu, bere forma eta planteamenduak errespetatzen dituena. Hemendik aurrera, eta pieza hau abiapuntu izanik, eskulturaren eta pinturaren artean mugitzen den erakusketa bat zabaltzen da. Alde batetik, pinturaren alorrean Muniategiandikoetxearen lanean hain ezagunak egin diren lanak aurkezten zaizkigu, eta obra originalaren inguruko perspektibak ikus ditzakegu. Pintura hauek tamainan eta lanketan ezberdintzen dira; akrilikoa erabiliz eta egurra euskarri dutela, mugimendutik gertuago dauden forma azkarrek irudi zurrun eta handiagoetara garamatzate.
Eskulturaren bidetik askatasun gehiagoko bide bat zabaltzen dela aurreikusten da. Forma borobilduak galtzen doaz Sección R, nº21 (Rinoceronte) artelanean, eta forma laukizuzenen bitartez altxatzen den estruktura zurrun bat ikus dezakegu. Halere, eta soilik klabe eskultorikoan murgilduta, 2015eko ST Recortes, Duplicada eta ST Recortes, Doble curva lanak interesgarriak iruditzen zaizkit; abangoardia geometrikoak aurkezten duen ordenarekin apurtu eta formak deuseztatuz, erabat keinu bidezkoak diren paretako eskultura zorrotzak sortzen ditu. Azken hauek erakusketako artelanik ausartenak izan daitezke, nahiz eta agian espresioaren eta jestuaren indarrean gelditzen diren.
Ezbairik gabe, Altxerri galerian aurkezten den artelan multzoko piezarik interesgarrienak objektu txikiagoetan gordetzen dira, lehen begiradan oharkabean pasatzen zaizkigunak. Círculos concéntricos izenburupean aurkezten diren hainbat piezatan, Rodtxenkoren eskulturaren eta pinturaren arteko fusio erraz nahiz eraginkor bat suertatzen da. Lan hauetan, Manu Muniategiandikoetxeak Rodtxenkoren eskulturaren parte diren uztai ezberdinak plano berdinean ipintzen ditu, eta, tamaina ezberdineko egurrezko uztaien loturaren bitartez, azalera bat sortzen da. Azalera horren gainean, artistak pintura lanak sortzen ditu, abstrakzioak nahiz paisaiak. Behin azalera pintatuta, uztai horiek alde batera edo bestera desplazatuz, gaineko irudia deformatuz doa, pinturaren eta eskulturaren artean kokatzen diren artelan bereziak aurkeztuz. Multzo honetan benetan aipagarria, Círculos concéntricos, Paisaje harribitxia dago.
Lan hauetan gordetzen da, gainera, erakusketako gogoeta interesgarrienetako bat. Pinturak, batez ere figuratiboak —salbuespen gutxi batzuekin—, nolabaiteko krisia jasan du sormen prozesu den aldetik. Beste batzuetan plazaratu izan dudan bezala, eta, noski, nire ikuspegitik abiatuta, artea gogoeta baten inguruan sortu behar da, eta horrek teknikari, sormen prozesuari eta materialei zuzenki lotuta egon behar du. Hala, ez da zilegi pintura erabiltzea soilik pintatzen dakigulako, ordenagailua, programa informatikoak ala fabrikazio digitalerako makina berriak ikusgarritasunagatik eta garaikidetasunagatik erabiltzea zentzugabea den bezalaxe. Gogoeta bati lotutako sormen prozesu bakoitzak teknika ezberdin bat eskatzen du, eta askotan ez da erraza izaten horrekin asmatzea. Círculos concéntricos multzoaren bitartez, Muniategiandikoetxeak nahasten ditu mugimendu konstruktibistek XX. mendean arteari egokitzen zizkioten funtzio sozial eta hautemangarriak abstrakzio edo paisaia pintura arrunt batek erakusten duen xalotasunarekin, biek gordetzen dituzten ezaugarriak alde batera utzi, desitxuratu eta artelan berri bat sortuz.
Horrela, artistak, printzipioz erraza edo soila dirudien prozesu baten bidez, artearen muinean dagoen gogoeta garrantzitsuenetako baten jokoan murgiltzen gaitu: artearen praktikotasunaren eta beharraren ingurukoa. Baina zein funtzio izan daiteke garrantzitsuagoa, bakoitzak bere burua eraikitzearena baino?
KRITIKA. Artea
Geure burua eraikiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu