'Eskutitzak'
Egileak: Itziar Elias, Izaskun Arandia. Zuzendaria: Izaskun Arandia. Antzezleak: Itziar Elias, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengoetxea, Olatz Beobide, Aiora Sedano. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Abenduak 7.Euskal Herriko sendi asko 36ko gerrak erdibituta geratu zen, batzuek konbikzioz eta beste batzuek halabeharrez alde batekoen ala bestekoen alde lerratzearen ondorioz. Milaka istorio hunkigarri konta litezke horren inguruan, eta ikertzekoa da kontu pribatu horiek publikoki hain isilpean geratu izana urte hauetan guztietan. Dena dela, beti dago bidea urratzen duen baten bat, eta horretara etorri da Eskutitzak izeneko lan zintzo eta garbia.
Eskutitzak sortzeko prozesua interesgarria izan da berez, eta bere azalpena merezi du. Sorkuntzaren abiapuntuan Itziar Eliasen aitona-amonen maitemintzea dago: bien arteko gutun trukaketa irakurriz ezagutu zuen Eliasek gerra aurreko garaian gertatu zen hura, eta horrek benetakotasun handia eta dokumental kutsu arina ere eman dio lanari. Bestetik, Izaskun Arandiaren zinemarako proiektua bidean geratu zenez, antzerkirako bertsioa atondu zuten sortzaile biek elkarrekin, eta oraingo emaitza jatorri hibrido horren alaba da, onerako zein txarrerako.
Txarrerako ondorioetatik hasita, kontakizunaren gehiegizko sinplifikazioa eta sekuentzia laburrek ezarritako molde zurruna aipatuko nituzke. Seguruenik egitura hori oso lagungarria da zinema-lengoaian, erritmoa eta bizitasuna indartze aldera, baina zinemak beste baliabide asko dauzka —muntaketa, produkzioaren ostekoa...—, eta antzerkia beste parametro batzuetan mugitzen da. Horrela izanik, arma nagusitzat ditu iradokitzea, gauzak metaforen bidez esatea eta denbora sen poetikoaren bidez kudeatzea.
Hala ere, gertaeren kontakizun lineala egiten duen muntaia honek baditu ordezko balio asko, eta haien artean alderdi eszeniko guztien txukuntasuna gailendu da, argien diseinutik hasi eta eremu eszenikoaren planteamendu eskematikoarekin jarraituta, altzari soil batzuekin eta bi panel mugikorrekin gauzatu baitira eszena aldaketa ugariak. Panel horien azalean proiektatu dira zuri-beltzean filmaturiko eszena asko —haietariko batzuetan solasean ibili dira zeluloidezko aktoreak benetako antzezleekin—, eta horrek kutsu berezi eta ia esperimentala eman dio muntaiari.
Jantzien diseinuak ere aipamen berezia merezi du, Xanti Alkorta ondo dokumentatu delako garai hartako arropak sortu aurretik, eta esangura berezia eman diolako kolore bakoitzaren erabilerari. Aktoreek ere talde kohesionatu bezala jardun dute, nork bere rolaren ezaugarrien jabe izanik eta protagonista bakoitzaren izaera gorputz-jarrera eta keinu egokien bidez indartuz, nahiz eta muntaiaren egiturak aukera onik ez eman pertsonaien garapenean eta dentsitatean sakontzeko.
Zoritxarrez, ahotsen proiekzioa maila apalean geratu da, baina ahoskera eta modulazioa orbanik gabeak izan dira, eta hori aipatuta heldu gara antzezlan honek daukan bertute nagusira: euskara batu politean eman da testua, bateratu egin dira antzezle guztien doinuak eta prosodia—hika, zuka eta berorika egoki tartekatuta—, lexikoa ere garai haietako fineziaz aukeratu da, eta jokaera landu horrek distira eta dotorezia eman dizkio antzezlan osoari.