Bilboko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Jon Malaxetxebarria. Egitaraua: Jesus Guridi, Camille Saint-Saens eta Edward Elgarren lanak. Pianista bakarlaria: Elisso Bolkfatze. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Azaroak 14.
Bi ustekabe atsegin eskaini dizkigu Bilbao Orkestra Sinfonikoak denboraldiko 4.kontzertuko egitarauberrian : Georgiako Elisso Bolkfatze piano jotzaile aparta eta Jon Malaxetxebarria zuzendariaren aurkezpen handia. Biek ala biek, bakoitzak bere arloan, goi-tonua eman zioten orkestraren on egiteari. Izan ere, Jesus Guridiren On Kixoteren abentura bat izeneko poema sinfonikoarekin eman zuten hasiera zuzendariak eta orkestrak. Bertan, arabar konpositoreak, On Kixotek euskal ezkutariarekin izan zuen topaketa kontatzen du Gaztelako eta euskal folkloreko gaiak erabiliz —Horra hor goiko, hain zuzen—. Honetan esan behar da zuzendariak eta orkestrak, batak zein besteak ez zutela arazorik izan harmonia bertikaletik datorren ildo gaztelarra eta harmonia horizontaletik datorren euskal ildo tematikoak erraztasunez kontrajartzeko. Den dena, orkestrazio dirdiratsuak ematen duen abagunea ondo aprobetxatuz. Aldiz, Camille Saint-Saens-en 2.kontzertua piano eta orkestrarako, sol minorrean obran pianoak bereganatzen du protagonismoa eta…zailtasunak. Elisso Bolkfatzek aise gainditu zuen pianoak eskatzen zuen birtuosismoa:hau da, digitazio egokia, lirismo eta freskotasun aproposak eta musikaltasun sentsiblea. Horrela jo zuen hasierako kadenza-n lirismotik hasita azken eskala eta arpegioak arinekin bukatzeko. Horrela jarraitzen zuen bigarrenean, umorearen eta trebeziaren artean, deabruzko presto-an bukatzeko, benetako froga pianista birtuosoarentzat. Gure orkestrak ondo lagundu zion zuzendariaren aginduz, pianoaren eta orkestraren arteko lehenengo mugimenduaren azken denbora-pasak kenduta. Edwar Elgarren Enigma Bariazioak aproposa da zuzendari baten gaitasuna frogatzeko izaera desberdinetako erretratuak egiten baititu. Jon Malaxetxebarria zuzendari gazteak irakurketa zehatza eta interpretazio klasikoa egin zuen bere eskuetan oso ondo jo zuen orkestraren aurrean. Partituraren gora-beherak eta orkestraren kontrola izan zituen, eta baita musikarien errespetua ere. Gure ustez, handia izateko oinarriak finkatu ditu, esperientziak eta lanak ematen duen heldutasunaren esperoan.