Jose Ramon Amondarain
Non: Artiumen, Gasteizen. Noiz arte: irailaren 2ra arte.
Zezena, zaldia imintzioka, emakumea sutan, gudariaren hilotz zatikatua, bonbilla argiztatua. Picassoren Gernika dugu, guztiontzat ezaguna oso. Zehazki orain 75 urte, 1937ko maiatzean, gutxi gorabehera hilabetean margotu zuen pintore malagarrak segituan ikono bihurtuko zena, egun bizirik dirauen gerraren kontrako manifestu grafikoa. Gernikaren bonbardaketaren urteurrena dela eta, Jose Ramon Amondarainek (Donostia, 1964) Picassoren margolanaren sortze prozedura berregin du, haren gaineko irakurketa modu berriak ahalbidetuz.
Oro har, Amondarainen pinturak artea bera du objektu, horren kode eta prozesuak aztertzen ditu. Kopiaren eta orijinalaren gaineko gogoeta inpostura bidez artearen gainean hausnartzen du artelan berriei bide emanez. Oraingoan, pintorea pintorearen barruan sartu da. Dora Maar artista eta Picassoren amoranteak Gernika-ren kreazio pausoak erretratatu zituen zortzi argazkiren bidez —ziur aski heldu zaigun artelan baten kreazio lanaren dokumentazio aberatsena—, eta irudi horiek abiapuntu hartuta, margolari gipuzkoarrak tamaina errealeko beste hainbeste Gernika —orijinala baino zentimetro batzuk txikiagoak— margotu ditu. Erakusketa Maaren erretratuen 1:1 eskalako tenplez eginiko erreprodukzio hiperrealistarekin eta bestelako marrazki serieekin —Hotel Gernika (2011-12) eta Pensar hoy, acabar mañana (2011-12), Gernika-ren zati ezberdinen estudioak izan zitezkeen interpretazio picassiarrak— osatzen da.
Bisitariak kronologikoki bizi dezake, aurrez aurre, Picassoren maisulanaren eboluzioa. Lehen oihalean —horman eskegita kokatu beharrean, inklinatuta kokatu dute, espainiarrak bere estudioan zuen lez—, ikatz-ziriz eginiko lehen figurak kokatzen dira, batzuk azkeneraino mantenduko direnak, zentzu narratiboko konposizioan. Hurrengo pausoetan, figuren jarrera eta itxura aldatuz doa, eta kubismo sintetikoa erabiltzen du koadroaren estruktura finkatzeko. Argi orokorra zehazten da, polikromia aberasteko saio batzuk —malko gorriak—, collagea —itsatsitako koloretako paperen bidez— agertu eta desagertzen da, eta piramide zentrala osatuz doa. Azkenekoetan, hasierako narratibotasuna desagertuta, egun ezagutzen dugun koadroa egina dago ia. Osotasun batera heldu arteko zatien elkartze trebean zehar Picassoren erabakiak, zalantzak eta ezerezean geratu ziren saioak ikus daitezke. Amondarainek margotu ahala, logikotzat ulertu ditu Picassok hartutako bide eta hautuak, eta hala ikusten ditu bisitariak ere.
Bukaeran, Madrilgo Reina Sofia museoan den koadroaren erreplika zehatza dugu, Dora Maaren argazkien errepresentazioekin; azken emaitzarekin batera tamaina txikian koadroaren bilakaera ikusteak Gernika birpentsatzera garamatza. Gainera, nahiz eta pinturen kokapenak aldi berean ikustea eragotzi, halako antolaerak bisitariari esfortzu berezi bat eskatzen dio, banan-banan oihal bakoitzean sartzeko, modu autonomoan ondo funtzionatzen baitute.
Gernika, berez, maisulan guztiak lez, gaurkotasun handiko lana da. Ez dago bonbardaketarik ez hegazkinik, ez Gernikari ez eta Espainiako gerrari eginiko erreferentzia espliziturik —titulua ez bada—, eta izaera horrek atenporalitatea eta unibertsaltasuna ematen dio. Gerraren aurkako garrasi sumindua dugu. Asko dira Picassoren lanaren aurrekari eta erreferentziak —A Farewell to Arms (1932) filma berriki proposatu hipotesia—, eta are gehiago eraginak, oihalaren zati bakoitza interpretatzen duten teoriak, eta koadroko figuren esangura eta sinbologia aniztunak. Amondarainen hurbilketak beste ikuspuntu bat gehitzen dio.
Pintore gipuzkoarraren erradiografia plastikoaren atzean ikerketa sakona dago. Ez da remake huts moduan ulertu behar, entsegu gisa baizik. Teknika apropiazionista erabiliz, Gernika-ren geruza eta prozesu mentalak, egun desagertuak, azken konposizioa gauzatzeko ezinbesteko pausoak, berregiten ditu. Dekonstrukzio piktorikoa bailitzan, Amondarainek ikonoa biluztu eta berriz jantzi du, historiagile baten lanerako metodologia artistikoa aplikatuz. Eta horrexek ematen dio, hain justu, Picassoren lanaren metamorfosiaren azterketa honi balio berezia, barrenak agerian utziz, haren handitasuna areagotzen baitu. Haren taxuera formalari bestela begiratuko diogu hemendik aurrera.
Instalazioaren interesa areagotu egiten da, bestelako ekimenen artean, batez ere museoko liburutegiak, ohikoa duen eran, antolatu duen dokumentazio erakusketa zorrotz eta aberatsarekin. Artium Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren ospakizunetara gehitu da, baina ez oroitzapen huts gisa, baizik eta XX. mendeko artearen mugarrietako bat nola sortu zen ezagutzeko modu orijinal eta bakarra proposatuz.
Kritika. Artea
'Gernika'-ren dekonstrukzio piktorikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu